MasMovilek bere irabazi garbiak bikoiztu ditu, 444 milioi eurora iritsita

EBITDAren marjina %41era iritsi da, orain arteko urteko kopururik handienera

MasMovilen egoitza | Argazkia: Europa Press MasMovilen egoitza | Argazkia: Europa Press

MasMovil konpainiak 444 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %134 gehiago, eta zerbitzuengatiko diru-sarrerak %19 handitu zituen, 2.647 milioira iritsi arte, konpainiak astearte honetan iragarri duenez. "Hazkunde maila sendo bat mantentzea lortu dugu, merkatuaren baldintza zailak gorabehera", adierazi du Meinrad Spenger MasMovileko kontseilari delegatuak.

Iaz, 2.894 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen enpresak, aurreko urtean baino %17 gehiago, eta konpainiaren EBITDA % 26 hazi zen 1.199 milioira iritsi arte, hau da, %41era.

Bere zor garbia 500 milioi euro inguru murriztu zuen, 6.282 milioiraino, eta 470 milioi inbertitu zituen bere azpiegiturak eta merkataritza jarduera ezberdinak mantentzeko eta garatzeko.

Bezero kopurua ere %5 hazi zen, 15,3 milioi linea izateraino. Horietatik 12 milioi mugikorrekoak dira eta 3,3 milioi banda zabal finkokoak. Taldeak 800.000 linea berri inguru gehitu zituen iaz, banda zabal finkoko 227.000 linea eta ordainketa ondoko mugikorretako 565.000 linea. Urteko azken hiruhilekoan, konpainiak ordainketa ondoko mugikorretako 159.000 linea eta banda zabal finkoko 51.000 linea gehitu zituen.

Orange konpainiarekin bat egitea

Taldea Europako Batzordearen oniritziaren zain dago, Orange mugikor konpainiarekin bat egiteko. Izan ere, iaz, MasMovil eta Orange enpresek %50ean enpresa bateratu bidez bat egiteko asmoa agertu zuten, 18.600 milioi euroko balioarekin. Espainian telekomunikazio arloan lider izatea dute helburu, bien artean telefonia mugikorretan eta banda zabalean duten bezero kopuruagatik.

Europar Batzordearekin dokumentu trukea egin eta gero, bi enpresek otsailaren 14an jakinarazi zioten ofizialki beren erabakia Batzordeari, eta martxoaren 20ra arte izango du honek erabakia hartzeko epea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK