Martxan da Iberdrolak Tâmegako konplexuan, Portugalen, jarritako bi parke eolikoetako lehena, zehazki, Iparraldekoa. Cabeceiras de Basto eta Montalegre udalerrien artean kokatua, bi parkeak biltegiratze sistema hidroelektriko bati loturik izango dira, ponpaketa bidezkoa, baita Iberiar Penintsulako sarera konektatuta ere —halako lehena—. Horrela, bi teknologiak elkarren artean osagarri izan ahalko dira, besteak beste biltegiratzeari esker energia beharrezkoa denean askatu ahalko baita. Gainera, hibridazio horrek erraztu egiten du sareko konexiorako azpiegiturak partekatzea, eta ingurumen eragina gutxitzeaz gain, sistemaren egonkortasuna hobetu egiten du. Zehazki, konpainiaren arabera 230.000 CO2 tona isurtzea ekidingo du, gutxi gorabehera 100.000 ibilgailuk isuri adina.
Orotara 346 milioi euroko inbertsioa egin behar izan du bi parkeak eraikitzeko, horietatik 109 Hego Tâmegan eta 237 Ipar Tâmegan. Horietatik 237 milioi bideratu dira Ipar Tâmega egitera. 27 Vestas airesorgailu ditu, bakoitza 7,2 MWeko potentziarekin eta 172 metro errotorerekin. Denera, beraz 195 MWko potentzia eskainiko du, urtero 414 GWh energia ekoitzita. Hego Tâmegan, berriz, oraindik eraikitze prozesuan dagoena, 109 milioi inbertitu ditu Iberdrolak, eta 185 GWh energia produkzioa izango du. Tâmega konplexua, beraz, konpainiaren lur gaineko energia eoliko proiektu indartsuenetarikoa bilakatuko da.
Iberdrolak azpimarratu duenez, hainbat hornitzaile izan dituzte proiektu horretarako, tartean Haizea Wind euskalduna, egitura metalikoak eta industria eolikorako osagai urtuak diseinatu, fabrikatu eta muntatzen dituena.