• ENPRESAK GAUR
  • Metal Groupeko zenbait langilek enpresa berri bat eratu nahi dute

Metal Groupeko zenbait langilek enpresa berri bat eratu nahi dute

Beharginek Legutioko fabrikaren jarduerarekin jarraitu nahi dute. Langabezia kapitalizatu eta egitasmoren bideragarritasuna aztertzen ari dira

Argazkia: Metal Group
Argazkia: Metal Group
2026eko otsailaren 20a - 09:55

Hartzekodunen konkurtso bete-betean dira Metal Group Smelting & Precision taldearen Abadiñoko Lebario auzoko eta Legutioko lantegiak, eta enpresaren zuzendaritzak 191 langile kaleratu ditu. Bada, fabrikako zenbait beharginek euren langabezia kapitalizatu eta enpresa berrabiatzeko asmoa iragarri dute. Legutioko lantegia salbatu nahi dute zehazki. Beharginen arabera, enpresak badu etorkizuna, eta, ondorioz, sozietate mugatu gisa aurkeztuko dira hartzekodunen konkurtsoan.

 

Metal Groupen zuzendaritzak bi fabrikak ixtea erabaki zuen orain gutxi, izan ere, bere bezero nagusiak, Volkswagenek, piezak erosteari utzi, eta Txinako merkatura jotzea erabaki zuen. Kolpe handia izan zen lantegientzat, multinazional alemaniarren bidez lortzen baitzuten fakturazioaren %80. Hala, zuzendaritzak iragarri zuen ez ziola enpresari bideragarritasunik ikusten.

Langileek, aldiz, kontrakoa pentsatzen dute, eta orain aste batzuk hasi ziren lau bat behargin sozietate mugatu berri bat sortzeko ideia eztabaidatzen. Azken egunotan dimentsio handiagoa hartu du egitasmoak, eta jakinarazi dutenez, oraintxe bertan lehen kontuak egiten eta enpresa berriaren bideragarritasuna aztertzen ari dira.

 

Fundizio jarduerarekin jarraituko luke enpresa berriak, eta dirudienez, Metal Groupen zenbait bezerok dagoeneko erakutsi dute interesa.