• ENPRESAK GAUR
  • Michelinen ekoizpena %20 jaitsi da lau urtetan, eta lantegien etorkizuna ez dago bermatuta

Michelinen ekoizpena %20 jaitsi da lau urtetan, eta lantegien etorkizuna ez dago bermatuta

Enpresak bi lantegi ditu Euskal Herrian: bata Lasarten, eta bestea Gasteizen. César Moñuxek ohartarazi du industria lehiakortasuna indartzea ezinbestekoa dela fabrikak mantentzeko

César Moñuz gaur Gasteizen eginiko ekitaldian | Argazkia: Foro Capital
César Moñuz gaur Gasteizen eginiko ekitaldian | Argazkia: Foro Capital
2026ko urriaren 14a - 16:20
Eg. 2026ko urriaren 14a - 16:21

Michelinen Espainiako eta Portugaleko presidente den César Moñuxek ohartarazi du multinazionalak —besteak beste— Euskal Herrian dituen bi lantegietako bakar batek ere ez duela bermatuta hamar urtetik gorako etorkizuna. Gasteizen asteazken honetan egindako Foro Capital ekitaldian adierazi duenez, pneumatikoen ekoizpena %20 beheratu da azken lau urteetan, eta horrek mundu osoan zehar hainbat lantegi itxi behar izatea eragin du. Horren aurrean, enpresako langile guztien erantzukizuna aldarrikatu du, fabrikek epe ertain eta luzean jardunean jarraitu ahal izan dezaten.

 

Michelinek bi lantegi ditu Euskal Herrian: bata Gasteizen, eta bestea Lasarten. Moñuxek nabarmendu du Gasteizko fabrika munduko hiru onenen artean dagoela, baina hura mantentzea ere erronka handia dela. Horretarako, Asiako lehiari aurre egiteko gai izango den industria-politika egonkorra, azpiegitura egokiak eta energia lehiakorra behar direla esan du. Era berean, absentismoak enpresen lehiakortasunean duen eragina aipatu du: haren arabera, azken hamar urteetan bikoiztu egin da absentismoa Michelinen. Ildo beretik, azpimarratu du absentzia guztiak ezin direla iruzurtzat jo, gaixotasunek eta langileen baimenek ere eragina dutelako. Horregatik, osasun fisikoa eta mentala, prebentzioa eta lan-baldintzak hobetzea eskatu du. 

Bestalde, gizartearen "polarizazioak" eta "populismoek" eragiten dioten kezka azaldu du. Moñuxen hitzetan, arazo konplexuei irtenbide errazak proposatzen dizkieten mugimenduak "demokraziaren barruko diktadura txiki edo erregimen autoritario" bihur daitezke. Enpresetan ere elkarren aurkako jarrerak areagotzeko arriskuaz ohartarazi du, eta iritzi desberdinak dituzten pertsonen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du.

 

Azkenik, azaroaren 11rako deitutako greba orokorrari buruz ere hitz egin du, soldata duinen eta etxebizitza-eskubidearen aldeko mobilizazioaren harira. Sindikatuek langileen interesak ordezkatu behar dituztela defendatu du, eta greba elkarrizketak emaitzarik ematen ez duenean erabiltzeko azken baliabidetzat jo du. Halaber, enpresen lehen helburua bizirautea eta emaitzak lortzea dela esan du, gero sortutako aberastasuna banatu ahal izateko. Industria sektoreko soldatak "duinenak" direla ere adierazi du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain