
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Batzordean adierazi du zenbait inbertsiogilerekin bilduko dela Jaurlaritza aste honetan zehar, Laudioko Guardian Glass lantegirako proposamenak entzuteko asmoz. Jakinarazi du Jaurlaritza prest egongo dela “anbizio handiko” proiektu berriari babesa emateko eta bertan inbertitzeko.
Horretarako, baina, “kalitatezko” eta “enplegua bermatuko duen" industria-proiektua bermatu behar direla gaineratu du. Jauregiren hitzetan, enpresa eta proiektuko enpleguak EAEn geratzea ezinbestekoa da, baita “tokiko hornitzaileak erakartzea” ere.
Sailburuak ez du adierazi zein inbertsiogilek erakutsi duen interesa Laudioko lantegian, eta “diskrezioa mantentzea” eskatu du, “bazkide industrialak bilatzeko konfiantzan eta zuhurtziaz lan egin behar delako”.
Eusko Jaurlaritzak Aiaraldeako Berehalako Jarduera Plana 2022-2024 aurkeztean (28,9 milioi eurokoa) adierazi zuen 24 milioi euro bere gain hartzea aurreikusten zuela. Zifra zehatzik eman ez arren, Jauregik esan du Guardianerako proiekturen bat aurrera ateraz gero “inbertsio pribatu handia” ekarriko lukeela, eta Jaurlaritza prest egongo litzatekeela arestian aipatutako planeko “hasierako konpromisoa gainditzeko”.