Mirai Investments funtsak Hernaniko (Gipuzkoa) Idistek enpresa bereganatu du. Txartel eta osagai elektrikoak diseinatu eta ekoizten ditu Idistekek, eta Ohmnia taldera batuko da, zeinak bazkide dituen Mirai, Finantzen Euskal Institutua, Vital Fundazioa eta Carmen Lequericaren familia.
Hernaniko konpainiak 40 laguneko lantaldea du eta 8 milioi euro inguru fakturatzen ditu. Azaldu dutenez, eragiketa honi esker, aukera izango du gorabidean den elektronikaren sektorean hazteko.
Halaber, Idistek bereganatuta, Ohmnia taldea zazpi enpresek osatuko dute aurrerantzean, 2020az geroztik, TER, Coycavi, Tectron, IDK, Alcoelectro eta Arteixo Telecom konpainiak erosi baititu. Besteak beste, aeronautika, trenbideak, energia berriztagarria eta defentsa sektorerako osagai elektronikoak ekoizten dituzte.
Mirai Investments funtsak lurraldeko enpresa txiki eta ertainetan inbertitu ohi du, batik bat, negozioaren jarraipena bermatu behar den horietan. Erakundeak helburu du enpresa txiki horiek “egitura sendo eta lehikorrago” bilakatzea, eta familia-enpresak ditu begiz jota.
Ohar bidez azaldu dutenez, erosketa honen bidez Ohmniaren merkatuko posizioa indartuko dute txartel, kable eta bestelako osagai elektronikoen fabrikazio eta diseinuan.