Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek bigarren greba zikloa egingo dute abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara. Enpresa batzordea LABeko bost ordezkarik eta ELAko hiruk osatzen dute, eta hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen.
Langileen ordezkarien arabera, enpresak ez ditu nahikoa aurrerapauso eman lan-baldintzak hobetzeko. Horren aurrean, lehen greba zikloa egin zuten uztailaren 30etik abuztuaren 2ra bitartean. Enpresa batzordeak adierazi du grebak jarraipen ia erabatekoa izan zuela, eta horrek langileen aldarrikapenak indartu dituela.
Abuztuaren 2an egindako langile-batzarrean, enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek bi konpromiso hartu zituzten. Alde batetik, enpresari bilera berri bat eskatzea benetako negoziazioari ekiteko; bestetik, enpresaren jarreran aldaketarik ez bazegoen, bigarren greba zikloa deitzea.
Sindikatuen esanetan, bi neurriak bete dituzte dagoeneko. Enpresarekin harremanetan jarri dira bilera berri bat zehazteko, eta aldi berean formalki jakinarazi diote abuztuaren 14an grebari berriro ekingo diotela, ordura arte langileen beharrei erantzuten dien eta lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duen akordiorik lortzen ez bada. Greba egunetako mobilizazio nagusien xehetasunak datozen egunotan emango dituztela ere iragarri dute.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta