• ENPRESAK GAUR
  • Inbertsioa egin dute Mondragonek eta Coprecik bizikleta elektrikoen garapenean

Inbertsioa egin dute Mondragonek eta Coprecik bizikleta elektrikoen garapenean

Gironako Niche Mobility enpresak inbertsio erronda itxi du eta motor elektrikoak ekoizten hasiko da

1,6 milioi euroko erronda itxi du enpresa katalanak | Argazkia: Mondragon
1,6 milioi euroko erronda itxi du enpresa katalanak | Argazkia: Mondragon
2025eko maiatzaren 5a
Eg. 2025eko maiatzaren 5a

Mondragoneko Promozio Funtsak eta Copreci enpresak, Clave Capital kudeatzailearen aholkularitzarekin eta beste zenbait bazkiderekin batera, 1,6 milioi eurora handitu dute motor elektrikoak garatzeko proiektura bideratutako inbertsioa. Niche Mobility izena duen Gironako start-upa da proiektuaren buru, eta, hain zuzen, e-biketarako ADTS® motor elektriko “berritzaileak” garatzen ari da.

 

Gironako taldeak itxi berri duen inbertsio errondari esker prototipotik ekoizpen fasera igaroko da proiektua, eta “industrializaziorako ibilbide-orria sendotu du”. Marc Barceló zuzendari exekutiboa pozik agertu da erronda ixtea lortu dutelako, eta adierazi du “oso eskertuta” daudela jaso duten babesagatik. Produktua Eurobike 2025en aurkeztu nahi dutela gaineratu du.

Copreciko Berrikuntza, Negozio Berriak eta Transformazio Digitaleko zuzendariaren ustetan, Coprecirentzat “dibertsifikazio eta hazkunde aukera estrategikoa” da Niche-rekin elkartzea, “motor elektrikoen fabrikazioan esperientzia, ezagutza tekniko eta gaitasun produktibo handia” baitu.