
Manuel Sánchez Lagarejo izendatu dute Mondragon Healtheko presidente berri eta Klaudia Luquita presidenteorde. Osasun arloan eta arlo soziosanitarioan espezializatzen diren bederatzi kooperatibek osatzen dute Mondragon Health korporazioa: Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar Homecare, Erreka, Fagor Healthcare, Gerodan, GSR, LKS Next eta Osarten.
Lagarejo Bexen Medicaleko egungo zuzendari nagusia da 2021az geroztik. Merkataritza-kudeaketaren arloan du esperientzia, besteak beste, Txinako eta Errusiako merkatu estrategikoetan egin baitu lan. Luquita GSRko presidentea da, eta berak ere esperientzia handia du kudeaketa soziosanitarioan eta desgaitasun-, osasun mentaleko, adinekoen arretarako eta eguneko zentroen zuzendaritzan.
Korporazioak azaldu du izendapen berriei esker indartu egingo dela proiektua, nazioarteko ikuspegia, ikuspegi industriala eta biohealth ikusptegia eskainiko baitiote biek ala biek. Iazko emaitza positiboak ere gogorarazi ditu taldeak: 2024an aliantzako kooperatibek 165,4 milioi euroko fakturazioa lortu zuten, eta 2025erako %4ko hazkundea aurreikusten da; horrez gain, 1.702 langilerekin amaitu zuten iaz urtea, eta hazkunde prozesuan jarraitzea aurreikusten dute.