• ENPRESAK GAUR
  • Mondragonek sei negozio berri izatea espero du urte amaierarako

Mondragonek sei negozio berri izatea espero du urte amaierarako

Mondragonek 11.322 milioi euroko salmentak izan zituen 2025ean, aurreko urtean baino %1 gehiago, eta 71.415 langilerekin amaitu zuen urtea, 1.346 enplegu berri sortuta

Argazkia: Mondragon Taldea
Argazkia: Mondragon Taldea
2026ko uztailaren 22a - 13:14
Eg. 2026ko uztailaren 22a - 13:49

Mondragonek urteroko kongresua egin du Donostiako Kursaal jauregian, 650 kooperatibetako ordezkariren parte-hartzearekin. Indartu eta Sortu goiburupean, korporazioaren etorkizunari lotutako hainbat erabaki estrategiko aztertu eta onartu dituzte. Kongresuan kooperatiben identitatea sendotzea, etorkizuneko negozioak garatzea, gizarte inpaktua handitzea eta interkooperazioa indartzea izan dira ardatz nagusiak. Leire Mugerzak nabarmendu duenez, "bereziki etorkizuna elkarrekin eraikitzeko beharrezkoak ditugun araudi aldaketak onartu ditugu".

 

Kongresuan, halaber, Mondragon Inversionesek kudeatzen duen Dibisioarteko Hedapen Fondoaren egokitzapena onartu dute, etorkizuneko negozio berriak sustatzeko helburuarekin. Tresna horren bidez, sektore estrategikoetan proiektu berriak eta enplegu kooperatiboa bultzatzea dute xede. Dagoeneko hiru enpresa berri jarri dituzte martxan (Orbik Cybersecurity, Amets Power Electronics eta Innkia), eta Pello Rodriguezek adierazi du urte amaierarako beste hiru negozio berri abiatzea dela helburua.

Kongresuan 2025eko jardueraren balantzea ere aurkeztu dute. Mondragonek 11.322 milioi euroko salmentak izan zituen, aurreko urtean baino %1 gehiago, eta 71.415 langilerekin amaitu zuen urtea, 1.346 enplegu berri sortuta. Gainera, 406 milioi euro inbertitu zituen, eta 618,8 milioi euroko emaitza garbia lortu zuen.

 

Gizarte arloan, kooperatibek eta Mondragon Fundazioak 49 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten 2025ean gizarte ekintzara. Baliabide horiek pobreziaren aurkako ekimenetara, hezkuntzara, euskarara, kulturara, osasunera, kirolera eta klima edo bioaniztasunarekin lotutako proiektuetara bideratu zituzten, mila erakunde ingururekin elkarlanean. Udazkenean, gainera, Mondragonen gizarte eragina eta kooperatiben arteko lankidetza erakusteko atari berri bat jarriko dute martxan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain