
11.213 milioi euro lortu zituzten orotara 2024ko ekitaldian Mondragon Korporazioko Industria eta Banaketarako kooperatibek, urte arteko %1,6ko hazkundearekin. Korporazioko enplegua ere hazi egin zen, 70.085 pertsonako plantilla izan baitzuen, EAEko lehen eta Nafarroako bigarren enplegatzaile pribatu gisa kokatuta. Are gehiago, 2025eko lehen bost hilabeteetan jada 636 enplegu berri sortu ditu korporazioak. Datu horiek eta gehiago aurkeztu dituzte gaur Gasteizko Europa Kongresu Jauregian egin den Mondragoneko Kongresuaren edizio berrian, non korporazioko kooperatiba guztietako 650 ordezkari biltzen diren.
Besteak beste, inbertsioen zifra azpimarratu da topaketan, azken bost urteetan 1.692 milioi eurora igo baita. 2024ko ekitaldian zehazki 377 milioi euro bideratu ziren inbertsioetara. Ebitdak ere %11,8ko hazkundea izan zuen, 1.661 milioi eurora iritsita, eta emaitza bateratua, ordea, 632 milioikoa izan zen. Hala, Pello Rodriguez Mondragoneko Kontseilu Orokorreko presidenteak positibotzat jo du 2024ko ekitaldia, eta gaineratu du salmenten hazkundeak, errentagarritasun sendoak eta inbertsio maila altuak korporazioaren konpromiso soziala islatzen dutela, baita “etorkizunaren aldeko apustu irmoa ere”.
Eroskik, Laboral Kutxak eta LagunAro BGAEk 2024an “bilakaera positiboa, portaera bikaina eta sendotasuna” erakutsi dutela gaineratu da kongresuan. Izan ere, Eroskik 90,6 milioi euroko emaitza lortu zuen, Laboral Kutxak 275 milioi eurokoa eta, gainera, %7,94koa izan zen LagunAroren zorroaren errentagarritasuna
Industriaren sektorea aztertuta, Mondragoneko kooperatiba industrialek 5.020 milioi euroko fakturazioa lortu zuten orotara, 26.714 pertsonako plantilla eta 267 milioi euroko emaitza garbi bateratuarekin. Inbertsiora ere 903 milioi euro bideratu zituzten guztira industria taldeek.