Osasungintza orainaldiko sektorea ez ezik, etorkizunekoa ere bada. Hala uste du Mondragon taldeak, eta horregatik erabaki du Mondragon Health delakoari bultzada berri bat ematea, negozio eta inbertsio aukerak biderkatzeko asmoz. Etapa berri horren aurkezpena egin dute gaur goizean Donostiako Aquariumean, eta apustuaz solasean aritu dira ekitaldi aurreko prentsaurrekoan Iñigo Ucin Kontseilu Errektoreko presidentea eta Hector Olabegogeaskoetxea Mondragon Healtheko zuzendari nagusia.
Apustua "gizartearen beharrei erantzuna" emateko nahitik ere datorrela nabarmendu du Ucinek, negozioaz harago. Une honetan zazpi kooperatibek osatzen dute Mondragon Health: Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar, Erreka Health, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten. Era berean, Mondragoneko Sustapen Zentroa ere horren parte da. Osasungintzaz gain, arlo soziosanitarioa (adineko pertsonen arreta, esaterako), eta bioteknologikoa (telemedikuntza tartean) ere hartzen du, eta orotara 1.700 langile dituzte.
Indartzea, baina, ez da soilik talde kooperatiboaren barruan bultzatu nahi. Horren erakusle dira egindako beste zenbait inbertsio. Horietan berriena izan da Cocoon Biosciencen aldeko apustua. Proiektu horretan larbak erabiltzen ari dira osasungintzan eta elikadura sektorerako proteinak sortzeko asmoz. Ez da, ordea, bakarra, beste start-up berritzaile batzuetan ere inbertitu baitu. Bi adibide: Oroi adineko pertsonentzako errealitate birtualeko betaurrekoak egiten dituen proiektua, eta Corify bihotzaren mapeoaren bitartez arritmien ebakuntzetan laguntzeko teknologia sortu duen start-upa.
119 milioi euroko salmenta
Mondragon Health kooperatiba taldearen industria dibisioaren barruan dago. Ucinek argitu duenez, talde industrialaren barruko fakturazioan duen negozio portzentajea oraindik ere "hutsala" da, baina "kualitatiboki" garrantzi handia du, eta "etorkizun handikoa" da. Datuetan jarrita, iaz 4.848 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, eta hortik 119 milioi euro lortu ziren Mondragon Healthetik. Aitzitik, pandemiak aurretik 105 milioi euroan kokatzen zen: "pandemiak bultzada nabaria eman zigun", plazaratu du Olabegogeaskoetxeak.
Zifra horietatik kanpo geratzen dira, berriz, contract manufacturing delakoak. Hain zuzen, enpresa handi batekin minbiziaren tratamenduan laguntzeko teknologiaren garapenean aritu direla nabarmendu du Kontseilu Errektoreko presidenteak, konpainia zehaztu ez badu ere. "Guk gaitasunak ditugu gauza oso konplexuak egiteko, baina kasu horietan behar dugu bezeroak esatea zer behar duen".
Etorkizunera begira, produktu gehiago sortzeko asmoa badute ere, nagusiki egun dauden produktuen garapena lehenetsi nahi dute. Olagogebelaskoetxeak gogoratu du sektorean zigiluak gako direla, eta normalean prozesu luzea izaten dela horiek lortzekoa. "Erronka izango da nola hartu kontuan jasangarritasuna, big data nola erabili..."