Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak lankidetza hitzarmena izenpetu du Domusa Teknik eta Kide enpresekin. Hiru aldeen arteko elkarlanak helburu izango du etorkizuneko ikertzaileak prestatzea eta, era berean, aire-girotzearen, hotzaren eta lehortze industrial eta komertzialaren sektoreetan jarduerak eta proiektuak sustatzea.
Transferentziarako eta elkarlaneko prestakuntzarako hitzarmena izango da, eta lau urteko iraupena izango du. Hala, Mondragon Unibertsitateak, Kideak eta Domusa Teknikek ikerketa zientifiko eta teknologikoa, garapen esperimentala, zaintza teknologikoa, bideragarritasun teknologikoaren azterketa eta profesionalen prestakuntza egingo dute elkarrekin.
Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusi Carlos Garcíak, Domusa Teknikeko zuzendari nagusi Imanol Oleagak eta Kideren zuzendari nagusi Mario Lópezek sinatu dute akordioa.
Azaldu dutenez, hitzarmenak aurreikusten du Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasleen kanpoko praktika akademikoak Domusa Tekniken eta Kiden egin ahal izatea.
Domusa Teknik klimatizazio-sistema eraginkorren diseinuan eta ekoizpenean espezializatutako kooperatiba da. Kide kooperatibak 50 urtetik gorako esperientzia du hozteko soluzio integralak diseinatzen eta fabrikatzen, eta sektorean erreferentzia izatea lortu du. 200 lagunetik gorako lantaldea du, eta 1.000 kolaboratzailetik gorako sarea. Bi konpainiak Mondragon Korporazioko kide dira.