Mozkinen 29 milioi euro erreserbetara bideratuko ditu Eroskik

Kontsumo kooperatibaren batzar orokorrak onartu egin ditu 2022ko emaitzak, eta Carabelek "positibotzat" jo ditu

Leire Mugerza eta Rosa Carabel, Eroskiko Batzar Nagusian | Argazkia: Eroski Leire Mugerza eta Rosa Carabel, Eroskiko Batzar Nagusian | Argazkia: Eroski

Eroskik Batzar Nagusiak egin zuen atzo Bilbon. 500 ordezkari zeuden deituta guztira bilkurara, horietatik erdia langile bazkideak eta beste erdia kontsumitzaile bazkideak. Bertaratutakoek kontsumo kooperatibak 2022an lortutako emaitzak onartu zituzten.

Guztira 32,1 milioi euroko etekina lortu ditu Eroskik. Horietatik gehiena, 29,3 milioi euro erreserbetarako joango dira, 2020ko galerak konpentsatzeko balioko dutenak. 2,8 milioi euro, berriz, Mendeko Finantza Ekarpenen interesak ordaintzera bideratuko ditu. Kontuan hartu behar da hartzekodunekin zorra birnegoziatzeko prozesuan murgilduta dagoela une honetan. Izan ere, 909 milioiko zorra du oraindik, eta datorren urtean 525 itzuli beharko ditu.

Rosa Carabel zuzendari nagusiak ontzat jo ditu emaitzak, "askiesgarritzat", testuingurua kontuan hartuta. "Ahalegin handia eta inbertsio gogorra egin dugu marjinan, prezioei eusteko eta kostuen igoera guztia kontsumitzaileei ez bizkarreratzeko", gaineratu zuen Carabelek.

Batzarrean adierazitakoaren arabera, 2022 9.500 langile bazkiderekin itxi zuen kontsumo kooperatibak, eta 1,3 milioi kontsumo bazkide baino gehiagorekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK