• ENPRESAK GAUR
  • Multiverse Computingek 500 milioi euroko finantzazio erronda itxi du

Multiverse Computingek 500 milioi euroko finantzazio erronda itxi du

AAren algoritmo eraginkorragoak garatzeko aukera emango dio finantzazioak. 2019an sortutako enpresak hazkunde bizkorra izan du

Multiverse Computingek autozerbitzu publikoko ataria abiarazi du, AA eredu konprimituetara sartzeko | Europa Press
Multiverse Computingek autozerbitzu publikoko ataria abiarazi du, AA eredu konprimituetara sartzeko | Europa Press
2026ko uztailaren 27a - 16:22
Eg. 2026ko uztailaren 27a - 16:23

Donostiako Multiverse Computing enpresak hazten jarraitzen du, eta azkar gainera. Horren erakusle 500 milioi euro inguruko (570 milioi dolar) finantzazio erronda berria itxi du. Teknologia enpresa 2019an sortu zen, eta adimen artifizialeko (AA) eredu handiak txikitu eta eraginkorrago bihurtzen ditu, besteak beste.

 

Hasiera batean konputazio kuantikoko softwarean espezializatu zen konpainia, baina azken urteetan arreta nagusia AA ereduetan jarri du. Gauzak horrela, finantzazio erronda honek aukera emango dio bere AA ereduen liburutegia handitu eta ereduok eraginkorragoak egiteko. Era berean, azken belaunaldiko algoritmo propioen ikerkuntza eta garapena indartu ahal izango du.

Forgepoint Capital International, BNPP Solar Impulse Venture Fund eta Bullhound Capital funtsen gidaritzapean ondu da finantzazio erronda, eta Jaurlaritzaren Hazten Scale-Up, Kutxa Fundazioa, Santander Alternative Investments, Tikehau Capital, HP Inc., Orange Ventures, Scania Invest, NAventures, Qatar Development Bank, Zouk Capital, SETT eta EIC Fund entitateek inbertitzeko konpromisoa hartu dute.

 

J.P. Morgan eta Santander CIB finantza erakundeak ere aholkulari gisa aritu dira eragiketan. Hala, erronda honi esker, Multiverse Computingek bildutako finantzazio osoa 800 milioi dolar baino gehiagokoa izango da orotara.

Donostiako konpainiaren AA ereduak finantza zerbitzuetan, energian, sektore aeroespazialean, zibersegurtasunean edo defentsa aurki daitezke. Allianz, Bosch, Iberdrola edota Indra ditu bezero, eta finantzazio erronda berri honekin Asia, Ekialde Ertaina, Kanada eta AEBetako merkatuetan hazi nahi du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain