
Muskizko findegiko lehen plantaren (Planta 1) jarduera etengo du Petronorrek. Bi hilabetez geldirik izango da, konpainiak azaldu duenez, “ekoizpen-instalazioen mantentze eta eguneratze lanak” egingo dituztelako.
Eraginkortasuna hobetu eta isurpenak murrizteko asmoz geldituko dute lantegiko ekoizpena, baita segurtasuna hobetzeko ere. Eta Petronorrek azaldu duenez, 89 milioi euroko inbertsioa ekarriko du.
2019an gelditu zuten azken aldiz findegiko lehen planta. Oraingoan, geldialdia “modu sekuentzialean” egingo da. Ekipoak ireki, garbitu, berrikusi eta berregokitu egingo dituzte, hurrengo ziklo operatiboan funtzionamendu-baldintza egokiak izan daitezen.
Petronorrek azaldu duenez, lanak uztailaren bigarren hamabostaldira arte luzatuko dira, eta 40 enpresatako 1.200 langilek baino gehiagok parte hartuko dute prozesuan. Guztira, 400.000 lanordu inguru beharko dira. “Konplexutasun tekniko handiko mantentze-lanak egingo dira, industria-sektoreko teknologiarik berritzaileenak eta eraginkorrenak erabiliz”.
Geldialdiak plantako 14 unitateri eragingo die eta horiei dagozkien 400 ekipori.