• ENPRESAK GAUR
  • Muxunav, salmenta makinak modernizatzen dituen enpresa nafarra

Muxunav, salmenta makinak modernizatzen dituen enpresa nafarra

'Vending' makinen edota autozerbitzuzko gasolindegien teknologia modernizatzen du Muxunavek, hardware eta software sistemak garatuta

Salmenta makinak aireportu batean | Argazkia: iStock
Salmenta makinak aireportu batean | Argazkia: iStock
Imagen 122
Kazetaria
2025eko irailaren 1a - 05:30

Ekintzaile petotzat du bere burua Antonio Torres Lopez 51 urteko ingeniari iruindarrak. Muxunav enpresaren sortzaile eta presidentea da egun, baina bere lehen enpresa hamazazpi urte zituela sortu zuen. EnpresaBIDEAari azaldu dionez, soilik bost urtez egin du lan beste pertsona baten jabetzako enpresa batean. Gainerako ibilbide profesionalean berak sortutako ekimenetan aritu da. Hainbat sektoretan egin du lan, “ingeniaritzatik aisialdi eta ekitaldien antolakuntzen sektoreraino”, bere hitzetan.

 

Muxunaven jatorria

Muxunav-en hastapena 2011 urtean kokatzen da. Konpainiaren sortzaileak Torres bera eta Gloria Muruzabal dira. Egun, 15 langilek osatzen dute konpainia. Dena den, kopuru hori aldatzen doala dio ekintzaileak, "aurten 20 lagunetara irits gaitezke”. Enpresak Noaingo industriagunean du egoitza nagusia, eta hardware eta software sistemak garatzen ditu, salmenta makinak (vending) berrabiarazteko asmoz. Gerora, bestelako teknologiak ere garatu ditu, mota horietako makineria modernizatzeko.

Enpresaren izena muxu eta Nafarroa izenen laburpena da. Torresek berak aitortu du izen hori ez dela “ingeniaritza-konpainia batean pentsatzerakoan burura datorren izen ohikoena”. Hain zuzen ere, izen hori aukeratzearen atzeko ideia zen erakustea beraiek “apurtzaileak” eta originalak direla. Ildo bera jarraituz, “enpresaren logoa marigorringo bat da”.

 

Telmarkt sistema

2018an konpainiak Telmarkt sistema erantsi zuen bere jardueran, zeinak vending makinetan txerta daitekeen. Sistema hori konektoreez baliatzen da, hizkuntza ezberdinetan programatu daiteke eta “salmenta-makinetan, autozerbitzuko gasolindegietan eta giza-langilerik behar ez dituzten bestelako instalazioetan pentsatutako mini-ordenagailua” da, Torresek azaldu duenez. Muxunav proiektu bat diseinatzen dabil “sistema hau autozerbitzuko garbikokietako ordainketa sistemetan garatzeko”, hurrengo urteetan zehar “50 herrialde ingurutan ezarriko dena”.

Ordainketa unibertsaleko gailu horrek “Bizum-en, Google Pay-en, QR kodeen, eta txartelen bidezko ordainketak” ahalbidetzen ditu, eta horretarako sistemari "informazioa komunikatu behar zaio”, azaldu du ingeniariak.

Telmarkt-ek, gainera, telemetriako eta konektibitateko funtzionalitate aurreratuak ditu, eta horrek aukera ematen die operadoreei makinak urrunetik kudeatzeko, erabilera-analisiak denbora errealean lortzeko eta eraginkortasun operatiboa hobetzeko, besteak beste.

Enpresaren finkatzea

2021an, Europara egindako esportazioak (Alemania, Austria...) sendotu dituen konpainiak, aurreko urtean Covid-19 pandemiak erdieroaleen fabrikazioa gelditu ondoren. “Azken lau urteetan, biziraupen-eredu batetik etekinak era izugarrian handitzera pasa gara”, aitortu du Torresek. 2022an, Eika Mondragon kooperatibako enpresarekin elkarlanean hasi ziren. Halaber, hurrengo bi urteetan, “enpresaren nazioartekotzeari jarraipena eman zioten, eta joan den apirilean, 400.000 euroko finantzazio-erronda erdietsi zuten.

WhatsApp Image 2025 08 29 at 08.42.39
Antonio Torres Muxunaven sortzailea | Argazkia: utzita

 

Laguntza publiko-pribatua jaso du Muxunavek azken urteotan. Sodenak, Elkargik eta BBVAk proiektuaren ibilbidean zehar lagundu diela aitortu du Torresek. Horrez gain, “kapitala eskaini duten eragile pribatuak” ere badirela azaldu du.

Sariak eta aitorpenak

Besteak beste, Muxunav-ek Bikaintasun-Zigilu Europarra jaso du Europako Batzordearekin eskutik. Banco Santanderrek eta Nafarroako Gobernuak eskaintzen duten Enpresa Berritzailearako Saria ere eskuratu zuen.

Hori gutxi balitz, aurtengo uztailean Ecofin saria, Langile Autonomoen Elkarteen Espainiako Federazioak (ATA) eskainitakoa, jasotzeko aukeratutako erakundetako bat izan da. Sari honek proiektuak eraldatzeko gaitasuna eta nazioarteko proiekzioa eman diezaioke Muxunavi. Sariketa datorren urriaren 7an egingo da, Madrilen.

Torresen esanetan, hau “ustekabea” izan da. Azken finean, “entitate askok merezi zuten sariduna izatea; beraz, oso zortedun sentitzen gara ATAk gu aukeratzeagatik”.

MAD FinTech erakundeak ere eman dio aitorpena Muxunavi.  Aintzatespen horiek guztiak “Muxunaven irudia eta ospea zabaltzeko oso baliagarriak dira”, esan du Torresek. Haren ustetan, bere taldeak egiten duen lanaren aitorpen garrantzitsua da.