
Iraila hasierako hitzordu gako gisa posizionatu nahi du Nafarroako Industriaren Egunak, eta helburu horrekin antolatu du laugarren edizioa Nafarroako Gobernuak. Sinesteko Industria lelopean, sektorearen orainaz eta etorkizunaz, nitxo berriez edota aurre egin beharreko erronkez aritu dira hainbat hizlari.
Sektorearen egungo erradiografia ere partekatu du hasieran Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak. BPGaren %32 industriatik dator, betiere industriarako zerbitzuak alde batera utzita, eta industriaren enplegagarritasuna %22 hazi da azken hamar urteetan. Biak ala biak "harro sentitzeko moduko industriaren" erakusle dira, kontseilariaren ustetan, eta gehitu zuen Industriaren Foru Legeak hori indartu besterik ez duela bilatzen.
Ekitaldiaren sarrera eta datuak emateaz gain, solasaldian izan da Irujo Monica Carotta Trentino Sviluppoko atzerriko inbertsioa erakartzeko zuzendariarekin. Hain zuzen, Carottak Trentinok dituen aukerez eta erronkez hitz egin du. Euren kasuan, industriak %24ko pisua du BPGan eta zerbitzuek dute pisu gehien, %72arekin. Etorkizuneko apustuetan fokua jarrita, bikaintasunaren aldeko apustua egitea gakotzat jo dute, hainbat pauso emanda. Batetik, ikerketa bultzatuta. Egun probintzian 1.000 langiletatik 10'3 aritzen dira ikerketa esparruan eta berrikuntzaren aldeko apustua ezinbestekotzat jotzen dute. Horrekin batera, gako da haientzat transferentzia egin eta ekintzailetza bultzatuta. Bestetik, etorkizuneko sektoreen aldeko apustua eginda funts pribatuen eta dirulaguntza publikoen bitartez, hala nola bizitzaren zientziak —horri loturiko huba eraikitzen ari dira—.
Egunak aukera eman du gobernuak esku artean duen 2026-2030 Industria Plana zein puntutan dagoen ezagutzeko ere. Garbiñe Basterra Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak azaldutakoaren arabera, denera 27 bilera egin dira, eta egindako proposamenen %76 inguru hartu dira aintzat. Izan ere, "prozesu-parte hartzailea" gakotzat jo du. Aurki bilera berrietara deituko dutela ere iragarri du Basterrak, eta Irujok azaldu duenez datozen hilabeteetan onartu liteke plana.
Nitxoak, berrikuntza irekia eta ekosistema
Jardunaldian denera hiru mahai-inguru izan dira. Lehenengoan, fokua jarri da Nafarroako Industrian garatzen ari diren nitxo gakoetan, zehazki, aeronautikan, elektronikan, eraikuntza industrialean eta biologia sintetikoan. Mahaian izan dira sektoreko ordezkari bana, zehazki, M. Torreseko Berrikuntza zuzendari Jose Manuel Gonzalez, Azcoyeneko kafe eta vending makinen teknologiako dibisio zuzendari Juanje Alberdi, Madergiako Salmenta eta Garapenerako zuzendari Diego Nuñez eta Lev2050eko I+Gko arduradun Ana Ceniceros. Bakoitzak bere sektorearen garapenean fokua jarri badu ere, industriak pertsonentzat izan behar duela argi dute lauek. Horretarako euren lanaren komertzial izatea ezinbestekotzat jo dute baita barne formakuntzan inbertsioa egitea.
Egunaren bigarren partean protagonista izan dira enpresa txiki eta ertainen, eta start-upen berrikuntza irekia, eta ekosistemaren alde gizatiarra. Bakoitzari loturiko mahai-inguru bana egin da horretarako. Berrikuntza irekiari loturikoa CEINeko zuzendari nagusi Uxue Itoizek moderatu du eta Santiago González (Aldakin), Óscar Huarte (Lizarte), Javier López (Uraphex), Jesús Castillo (Greendur) eta Idoia Lizarraga (Vors Control) izan dira horretan.
Bigarrenean, berriz, Jon Angulo Hidro Rubberreko zuzendari nagusia, Maite Agüeros InnoUp Farmako sortzaile eta zuzendari nagusia, eta AMIXALAneko presidente eta presidenteorde Xabier Blanco eta Amaia Goñi izan dira, Cristina Ochoa kazetari eta Doce azoteas liburuaren egieak moderatuta.