• ENPRESAK GAUR
  • Nafarroako Sapremen bazkide nagusi bilakatu dira Sodena eta Talde Private Equity

Nafarroako Sapremen bazkide nagusi bilakatu dira Sodena eta Talde Private Equity

80 pertsona inguruko plantilla eta nazioartean presentzia handia ditu konpainiak

Izurdiagan kokatutako enpresa da | Argazkia: Saprem
Izurdiagan kokatutako enpresa da | Argazkia: Saprem
2026eko otsailaren 9a - 11:57

Nafarroako Saprem taldearen bazkide nagusi bilakatu dira Talde Private Equity eta Sodena. Inbertsoreek azaldu dutenez, eragiketak “trantsizio ordenatua” eta “konpainiaren kudeaketaren jarraitutasuna” sustatzen ditu, enpresaren familia sortzaileek desinbertsioak egin eta zuzendaritza-talde berriari ongietorria emanez.

 

Talde Private Equity kapital pribatua kudeatzen duen EAEko taldea da, 170 proiektu baino gehiagotan parte hartu du eta egun 430 milioi euro baino gehiago kudeatzen ditu. Sodena, aldiz, Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzarioko tresna da, zeinak helburu duen finantzaketaren bitartez Nafarroan hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzea.

Saprem Izurdiagan kokatutako industria-enpresa da, eta 1984tik aurrez eratutako metalezko osagarriak ekoizten ditu zenbait sektoretarako: aireko linea elektrikoetarako burdineria, trenbideak, komunikazio-sektorea… 80 pertsona inguruk lan egiten dute konpainian, eta nazioartean pisu handia du, irabazien erdia baino gehiago beste herrialdeetatik baitatoz.

 

Taldeko akziodunek PWC, Cuatrecasas eta BSK aholkularitza zerbitzuen laguntza jaso dute eragiketa aurrera eramateko, eta bai Sodenak, bai Taldek, konpromisoa hartu dute hazkunde fase berria bultzatzeko, “berrikuntzaren eta kanpora begira jartzearen” bitartez. “Egungo zuzendaritza-taldeak proiektuaren lidergoan jarraituko duela ziurtatzen du”, baieztatu dute.