Plantas de Navarra SA (Planasa) 1973an sortutako familia enpresa da, D’Arbonne familia frantsesaren ekimenarekin martxan jarri zena, Nafarroako Valtierra herrian. Sorrerako helburua esparrago zuriaren merkatua garatzea izan zen. Geroztik, baina, merkatu zein produktuetan dibertsifikatzeko bidea egin dute.
Planasako Negozio Garapeneko Zuzendari Globala da Emilio Fuertes, nekazaritza-ingeniari iruindarra, eta EnpresaBIDEAri kontatutakoaren arabera, “1980ko hamarkadan, konpainia endibia lantzen hasi zen haren instalazioetan”. Lehenago, baina, marrubiekin hasi ziren, fruitu horren inplementazioa oso indartsua baitzen bai Nafarroan, bai Frantziako hegoaldean. 2003an “Planasaren baitan sortutako lehen barietatea, Sabrosa Candonga marrubia, aurkeztu zen, Italian batez ere oso ongi komertzializatu dena”. Izan ere, haien mintegietan sorrera propioko motak ekoiztean ere ardaztu zen haren lana.
Plantas de Navarra SA (Planasa) 1973an sortutako familia enpresa da, D’Arbonne familia frantsesaren ekimenarekin martxan jarri zena
2010ean Mexiko eta Estatu Batuetan hasi ziren eragiketak egiten. Hiru urte geroago, enpresaren 50. urteurrenarekin bat etorriz, Adelita mugurdia merkaturatzeari ekin zioten.
2020an “Mexikon inbertsioak handitu eta ahabi-mota propioak eratzen hasi ziren”. 2021an gauza bera egin zen masusta-mota berriekin. Gauzak horrela, hurrengo bi urteetan zehar “ikerketa eta garapen inbertsioak areagotu zituzten Mexikon”.
Laboreen hautaketa genetikoa, funtsezko jarduera
Landareen hautaketa “funtsezko” jardueratzat jo du Fuertesek, “Planasaren DNAn txertatuta dagoena”. Hain zuzen, horretara bideratzen dute baliabideen zati handi bat; izan ere, “azken bost urtetan 25 milioi euro” inbertitu dituzte esparru horretan.
Landareen hautaketa "funtsezko" jarduera da Planasarentzat
Konpainiak lau ikerketa eta garapen gune ditu: Espainian (Huelva), Frantzian, Mexikon eta Estatu Batuetan. “Katalogo zabal bat” osatu dute, “hainbat geografia eta laborantza-baldintzatara moldatzen diren erregistratutako 225 laboreek osatutakoa”.

Landare paregabeak lortzeko prozesua
Hautaketa hasten da pre-breeding edo aurre-haztegia deitutako fase batekin, non gene banku baten eta markatzaileen bidez landareen genoma aztertzen den. “Fruituaren itxura, zaporea, testura eta bestelako ezaugarri deskribatzaileak hartzen dira kontuan”, azaldu du Planasako zuzendari komertzialak.
Banku genetikoaren genoma aztertzen da, hobekuntza prozesua bizkortzeko goiztiartasuna, errendimendua edo itxura bezalako ezaugarriekin lotutako markatzaile biomolekularrak bilatzeko. Plantula jakinetatik abiatuta, ezaugarri jakin horiei ondoen erantzuten dioten indibiduoak aukeratu eta elkarrekin gurutzatzen dira, Planasa genetika (Planasa Genetics) deitzen dutena lortzeko.
Emilio Fuertes: “Iraupen luzeko saiakerak eskatzen ditu, instalazioetan egiten direnak, laboreak komertzializatuko diren eremu geografikoetan funtzionatzen duten ikusteko asmoz”
Gero “fenotipado-fase batekin” jarraitzen da, non “ale azpimarragarrienak identifikatzen diren milaka ondorengo sortzeko”. Momentu horretan, “haien azterketa eta hobekuntza hasten da, haien ezaugarriak hobetzen ote diren ikusteko”. Horrek “iraupen luzeko saiakerak eskatzen ditu, instalazioetan egiten direnak, laboreak komertzializatuko diren eremu geografikoetan funtzionatzen duten ikusteko asmoz”.
Prozesu horrek guztiak ingurumenarekin (klima aldaketa pairatu, bioaniztasuna babestu) eta aldagai sozialekin (elikagaien xahutzea ekidin) du zerikusia. Horiek praktikan jarri ahal izateko, “jasangarritasunera biratutako filosofia sustatzen ari dira, urteetan zehar ezartzen dena”. Honetarako berrikuntza-departamentu bat ezarri dute, “nekazaritza-teknologia eta negozioa integratzeko eta hortik aurrera prozesu errealetara pasatzeko, bai nekazarientzat, bai bezeroentzat onuragarriak direnak”.
Fruitu gorriak nagusi
Fruitu gorriak edo basafruituak (marrubia, mugurdia, masusta, ahabia) dira Planasaren bereizgarri garrantzitsuenak, baina konpainiak bestelako laboreak ere ekoizten ditu; besteak beste, baratxuria, esparragoa eta aguakatea. Horiei endibia eransten zaie, gehienbat Europan saltzen dutelarik. Orotara, “urtero 8000 tona labore” ekoizen dituzte.
Mugurdiei dagokienez, Adelitak neguan dauka kuota gehiena. Bigarren mota bat, Pink Hudson deiturikoa, “oso era indartsuan sartu da, eta udazkenean eta udaberrian betetzen du nekazarientzako egutegi-eremu zabalena”.
Fruitu gorriak edo basafruituak (marrubia, mugurdia, masusta, ahabia) dira Planasaren bereizgarri garrantzitsuenak
Marrubien artean “aniztasun handia” dago. “Motaren arabera, zonalde hotz edo beroetan lantzen dira; ekoizpen-gune nabarmenenak Mexiko, Estatu Batuak, Espainia eta Italia dira“, adierazi du Fuertesek.
Masusta-mota propioen sorkuntza berantiarragoa da. Hala ere, enpresak “sei masusta-barietate” sortu ditu, Huelvan, Perun, Mexikon, Hego Afrikan, Txinan eta Australian gauzatutako ikerketa eta garapen-programei esker. Horiek “klima beroetara ongi moldatzen dira”. Black Sultana da erregistratutako lehen barietateetako bat, Huelvan garatu dena.

Presentzia eta egoitzak munduan zehar
Planasak “hainbat eskumendeko egoitzak eratu ditu Espainian, Frantzian, Italian, Herbereetan, Polonian, Errumanian, Mexikon eta Estatu Batuetan”. Gainera, arestian aipatu bezala, ezarpen propioko masusta-haztegiak dituzte Txinan, Perun eta Hego Afrikan. Beste toki batzuetan “eragiketa-presentzia fisiko komertziala” dute, ikerketa eta garapen-guneen forman.
Berezko instalazioak ez dituzten lekuetan —hala nola, Australian, Brasilen eta Argentinan—, berriz, "partaideak diren hirugarren enpresekin” sinatu dituzte akordioak. Hainbat zona klimatikotan egoteak hautespen berrien behaketa eta esperimentazioa egitea errazten die.
Emilio Fuertes: "Bilatzen duguna ez da hainbeste zifra jakin batzuk betetzea, baizik eta, batez ere, gure laboreak dauden eremu geografikoetan eta gure bezeroetan pentsatzea"
Etorkizunera begira, Fuertesek ziurtatu du jarraituko dutela “jokalari global gisa hazten eta laboreak hobetzen. Hori egunero garatzen da; bilatzen duguna ez da hainbeste zifra jakin batzuk betetzea, baizik eta, batez ere, gure laboreak dauden eremu geografikoetan eta gure bezeroetan pentsatzea”, ondorioztatu du Planasako zuzendari komertzialak.