Nafarroako Gobernuak 10 milioi euroko dirulaguntza deialdia onartu berri du. Industria sektoreko enpresa txiki eta ertainek inbertsioak egin ahal izateko diru-sarrerak eskainiko ditu. Enpresa horiek eskaera egiteko epea jada zabalik da eta martxoaren 10era arte egongo da irekita izen ematea.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, dirulaguntza bost milioi eurotan handitu dezake, betiere eskaera kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa izanez gero.
Industria sektoreko enpresa txiki eta ertainek, mikroenpresek eta gizarte-ekonomiako enpresek jaso dezakete laguntza, baldin eta euren proiektuen helburua saltoki edo establezimendu berri bat sortzea, lehendik dagoen bat handitzea, lantegi baten ekoizpena produktu berrietan dibertsifikatzea, lantegi baten ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea edo aktiboak eskuratzea bada.
Laguntzak jasotzeko, enpresen inbertsioek 15.000 euroko aurrekontua izan beharko dute gutxienez mikroenpresen kasuan, eta 50.000 eta 100.000 eurokoa enpresa txiki eta ertainen kasuan, hurrenez hurren. Laguntzaren kopurua proiektuaren kostuaren %20 izango da mikroenpresetan, %18 enpresa txikietan eta %10 enpresa ertainetan.