Inbertsioa, industria dibertsifikazioa eta enpresei babesa. Horiexek dira Nafarroako Gobernuaren politiken ildo nagusiak, lurraldeak bizi duen eraldaketari erantzuteko, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak gaur goizean eginiko gosari informatibo baten azpimarratu duenez.
2021az geroztik, politika horien aplikazioan aurrera egiteko gako izan dira Next Generation funtsak. Denera 1.939 milioi euroko inbertsioa izan da, 14.072 onuradun izan dituena. 772 Madrilek egindako deialdi eta lizitazioen bitartez jaso ditu Nafarroako gobernuak, 872 orain gutxi eginiko esleipenak aintzat hartzen badira —Rockwooli, HIthiumi edo Sakana coopi—, eta gainontzeko 621 milioi euroak konferentzia sektorialen bitartez.
Urtarrilaren 1etik aurrera, baina, Europak funtsen txorrota itxi egingo du, iragarrita zegoen bezala, eta "egoera berria" aurre egiteko baliabideei "etekin handiagoa" ateratzeko bideak topatu beharko dituzte gobernuek. Nafarroako gobernuaren kasuan, Industria Berraktibatzeko plana iragarri du, inbertsioak erakartzen eta enpresak euren trantsizioekin jarrai dezaten laguntzeko. Aurreikuspenen arabera 150 milioi euro mobilizatu ahalko ditu 2027 eta 2030 urte bitartean, eta bost esparru nagusitan zentratuko da: enpresa hazkundea eta dibertsifikazioa, berrikuntza eta eraldaketa teknologikoa, talentu eta enplegu industriala, jasangarritasuna eta digitalizazioa eta lurralde kohesioa eta azpiegitura industrialak. Hala ere, plana aurrera aterako bada, Bruselak oniritzia eman behar dio.
Aitzitik, egoera ikusita, premiazkoa dirudi. Kontseilariak adierazi duenez, Europak bizi duen moteltzearen zantzuak antzematen ari dira Nafarroan. Departamentuak BPGaren hazkundea %2an kokatuko dela badio ere, industria ekoizpenak %7,7ko beherakada izan du foru erkidegoan 2026ko lehen seihilekoan, eta esportazioek ere %3,8 egin dute behera —2025ean %5,9 atzera egin ostean. Sektore bakoitzak bizi duen egoeran sakonduz gero, elikadura industria eta sektore biofarmazeutikoa hazkunde eta hobekuntza fasean daude. Albiste on bezala, gainera, Volkswagenek Nafarroan iragarritako 1.000 langileko kontratazioaz ere aritu da kontseilaria, baita Hithiumen plantaren irekieraz, non egongo den zehaztu ez badu ere. Txanponaren beste aldean dago energia berriztagarriena, besteak beste Txinaren lehiagatik. Hori babestu asmoz, neurri zorrotzagoak eskatu dizkio Europari.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta