Nafarroako landa eremua berpizteko ardoak

Josu Amatriak eta Raquel Elizaldek Lizarrako merindadeko mahastiak berreskuratu dituzte Bodegas Amatria proiektuaren bitartez

Josu Amatria eta Raquel Elizalde | Argazkia: Utzita Josu Amatria eta Raquel Elizalde | Argazkia: Utzita

2020 urteko egun batean izan zen. Konfinamendu garaian paseotxo bat ematen zuten bitartean, Josu Amatria Senar (1989) eta Raquel Elizalde Santiago (1993) iruindarrek sekulako aurkikuntza egin zuten. Amatriaren herrian, Aiegin, mahasti zahar bat aurkitu zuten. Nahiko ezkutatuta zegoen eta existitzen zela ere ez zekiten. Hurrengo egunetan beste hiru aurkitu zituzten. Ilusio handia egin zien, “Indiana Jonesek galdutako itun-kutxa aurkitzen duenean bezala”.

Hura ustiatzeko ideia bururatu zitzaien, eta horretarako Amatria Vinos y Viñedos enpresa sortu zuten. Nahiz eta garai horretan helburu finkorik ez eduki, landa eremu horren potentzial osoa probestuko zutela argi zuen bikoteak.

Orain arteko lan ibilbidea

Josu Amatriak Nafarroako Unibertsitate Publikoan Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuenean topatu zuen ardoarekiko pasioa. Eskolan zientziak ikastetik zetorren, eta hasiera batean ez zekien oso ongi zer ikasi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniaritza fakultatea “oso ona” zela ohartu zen arte.

Han bere ikaskideek nekazal-lanengatik sentitzen zuten pasioa antzeman zuen, horietako asko nekazal familiakoak baitziren, baina benetako aldaketa Ardoaren kultura deituriko aukerako ikasgai batekin hastean etorri zitzaion. “Orduan konturatu nintzen ardoa nire gauza zela, haren bidez nekazaritza eta nire familiari esker ezagutu dudan gastronomia arloa elkartzen zirelako, eta horrek nire interesa piztu zuen”.

Josu Amatria: "Ardoaren bidez nekazaritza eta nire familiari esker ezagutu dudan gastronomia arloa elkartzen ziren, eta horrek nire interesa piztu zuen”

Unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, Logroñora joan zen lau urtez enologia ikastera. Horrez gain, hainbat mahats bilketa egin zituen, bat Iguzkitzako Quaderna Via upategian (Nafarroa) eta bestea Castellroig herrian, Katalunian. Beste bi atzerrian ere bai, Txilen eta Kalifornian. Horren ostean, beste bilketa batzuk egin zituen Nafarroan eta Errioxan, azkenik Amatria Vinos y Viñedos enpresa sortzera ausartu zen arte.

Bestalde, Raquel Elizaldek zuzenbidea ikasi duen abokatua da. Abokatu-bulegoetan egin du lan, baina bere bikoteari esker “ardoaren mundu zabala” aurkitu zuen, eta egun bere denbora osoa Amatria Vinos y Viñedos proiektuari eskaintzen dio. Pixkanaka enologia ezagutzeaz gain, bere zuzenbide ezagutza praktikan jarri nahi du, edozein enpresan “abokatu baten aholkularitza” beharrezkoa da eta. Adibide gisa, mahastien jabetza kudeatu behar da, eta banatzaileekin kontratuak sinatu.

Proiektuaren jaiotza

Unibertsitatean zegoenetik Amatriak ardogintza proiektu baten arduradun izatearekin amestu du. Bere aitona mahastizaina zen, eta herriko lur jabe garrantzitsuenentzat egin zuen lan. “Amatria Vinos y Viñedos martxan jarri ondoren, bera izan zen nire lehen aholkularia eta tutorea; mahastian gauzak nola egin irakatsi zidan”, kontatu du. “Gaur 95 urte ditu eta berarentzako ilusio handia da bere biloba honetara dedikatzea”, gehitu du.

Aiegin aurkitutako mahasti guztiak herriko jende zaharrena ziren. “Ez zegoen ardoa egiteko inolako upategirik alokatuta; batzuk abandonatuta zeuden edo mahatsak kontsumo partikularrerako biltzen ziren”, azaldu du Amatriak. Berak eta Elizaldek mahasti gehienak alokatu zituzten eta horietako hiru erosi.

Unibertsitatean zegoenetik Amatriak ardogintza proiektu baten arduradun izatearekin amestu du. Bere aitona mahastizaina zen, eta herriko lur jabe garrantzitsuenentzat egin zuen lan

Bikotea egoitza fisiko bat prestatzen dabil Artaxoan. Nahiz eta herri hau Lizarrako merindadetik kanpo egon, Amatriak “oso aukera ekonomikoa” dela dio, “garai batean upategia izateagatik jada baimen batzuk dituelako”. Hala ere, “etorkizunean gauzak ongi badoaz” egoitza eskualdera aldera gerturatzea aurreikusten dute.

Zailtasunak eta konponbideak

Elizaldek dioen bezala, “zailtasun handi bat ekonomikoa da”. Mahastiak 2020an aurkitu zituzten, 2021an hasi ziren ustiatzen eta lortutako ardoa 2022an saltzen hasi ziren. “Bi urte horietan dena gastuak izan ziren, etekinik gabe”, adierazi du Elizaldek. Gainera, “egoitza bat egokitzeko inbertsioak oso garestiak dira”. Horretaz gain, ”Amatria Vinos y Viñedos oso konpainia txikia da konpetentzia handiko mundu batean”, dio Amatriak.

iStock 1941914320
Nafarroako mahastia | Argazkia: iStock

Zailtasun hauei aurre egiteko zenbait estrategia jarraitu dituzte. Horien artean dago “bezeroen leialtasuna eraikitzea eta ardo mota batean espezializatzea, garnatxan hain zuzen". Mahasti askotan barietate frantsesak landatzen direnez, Amatriak eta Elizaldek, beste ardogile gehienek ez bezala, garnatxa proportzio handiagoan erabiltzen dute. Bestalde, bodegetan egiten den lana gertutik jarraitzen dute “kalitatezko produktua sortzen dela balioztatzeko”.

Laborantzaren hedapen geografikoa

Ustiaketak merindadeko beste hiru herrietara zabaldu dira: Mañeru, Zirauki eta Artazu. Orotara, epe laburrean lau hektarea izatera pasa dira. Zabaltze horrek “oso azalpen logikoa du”, ardo ekoizlearen ustetan: “Nafarroan arazo bat dago, nahiko mahasti ez dagoela, batez ere mahasti zaharrak, azken 30 urtetan erabaki txarrak hartu eta mahastiak kendu direlako, ez ziren eta errentagarriak”.

Josu Amatria: “Nafarroan arazo bat dago, nahiko mahasti ez dagoela, batez ere mahasti zaharrak, azken 30 urtetan erabaki txarrak hartu eta mahastiak kendu direlako, ez ziren eta errentagarriak”

Ondorioz, Amatriak eta Elizaldek, lur gehiago behar zituztenez, Aiegiko mugez gain joan eta inguruko herrietako mahastiak lortuz, azalera handitu dute. Horri esker, ardo mota gehiago ekoizten hasi dira, “toki bakoitzean lurra, orografia eta klima ezberdinak direlako”. Horrek, alde batetik, “logistika arazoak (ekipamendu gehiago erabili eta leku batetik bestera eraman behar izatea) dakartza”. Baina honek alde ona ere badu. Esaterako, urte honetako uzta “toki batzuetan txarra izan da, irailean euri asko egin zuelako, baina besteetan hobe joan da” eta horri esker kanpaina salbatu ahal izan da.

Ardogile baten lana

Beren ardoetako bat “Despistao deituriko garnatxa gazte bat da, 25 eta 30 urte inguruko mahastietakoa, edateko oso erraza, oso freskoa eta edozeinentzat eskuragarria”, ekintzailearen hitzetan. Horrek ez du esan nahi kalitate txarrekoa denik; “beste motekin erabilitako maitasun berarekin lantzen da”. Beste bi ardo motekk Zaraputz eta El Temblón dute izena.

Ardoa ez dute era tradizionalean sailkatzen (gaztea, ondua eta erreserba), hau da, “ardoa zahartzen egon den denbora ez da faktore garrantzitsuena”. Horren ordez, Borgoinako (Frantzia) eskualdetik eratorritako sailkapen sistemaren arabera, “gakoa ardoaren jatorrizko tokia da”. Hori kontuan hartuta, “ardo generikoenak eskualdekoak dira, Lizarreria osokoak izan daitezkeenak”. Despistao-a kategoria horretakoa da. Horietaz gain, “herrikoak udalerri bakar batetik etorritako mahatsekin egiten dira”. Azkenik, “lekuko edo partzelakoak daude, gehienez kilometro bateko azalera duen toki finko batetik datozenak”. Azken horiek “jatorrizko izena edo antzeko ziurtagiriren batekin” zehaztu nahi dira.

Ardoa ez dute era tradizionalean sailkatzen (gaztea, ondua eta erreserba), hau da, “ardoa zahartzen egon den denbora ez da faktore garrantzitsuena”

Aldizka egiten dituzten ekintzen artean “ardoa botiletan sartzea, kontserbazioa zaintzea, hornitzaileekin hitz egitea eta era guztietako kudeaketak dira”, Amatriaren arabera. Elizaldek “etiketatze-lanak” ere badaudela gehitu du. Hauek nahiko konplexuak dira, “mila paper eta tinta mota” daude eta. Gainera, ardo berri bat saltzen hastean, “etiketa eta botila berriak” diseinatu behar dituzte. “Dena den, hamar edo hamabi urte barru honekin jarraitzen badugu, hau guztia ongi finkatuta eduki dezakegu”, uste dute.

Amatriaren hitzetan, nahiz eta landa eremuan ahalegin handiak egin behar izaten diren eta estres askoko momentuak izan, uzta garaian, “oso bizitza pozgarria dugu”.

Etorkizunerako planak

“Gure lehentasuna haztea da, oso txikiak garelako, baina ez dugu upategi industriala bihurtu nahi, produktuak inolako kontrolik gabe supermerkatura bidaltzen dituen horietakoa”, nabarmendu du Amatriak. Gainera, Elizaldek ez du “gehiago saltzeagatik kalitatea galdu nahi”.

Momentuz, “Nafarroan eta ondoko probintzietan” saltzen dute, eta ez dute asko esportatu orain arteko ekoizpena txikia izan delako. Behin Madril edo Bartzelona bezalako hiri handietara iritsita, atzerrian saldu nahi dute. Beraientzako garrantzia handia du honek, Espainia delako, Italia eta Frantziarekin batera, munduko ardo-ekoizle nagusienetako bat.

Gainera, asko gustatuko litzaioke bere istorioa beste pertsonentzako inspirazioa izatea, antzeko ekimenak hasi ahal izateko: “Goraipatuta eta zoriontsu sentituko nintzateke, egiten dudanari oraindik zentzu gehiago emango lioke”. Landa eremuan lan egiten hasten den edonori zenbait aholku ematen dizkio Amatriak. Lehena “ez frustratzea eta beti aurrera jarraitzea”, etengabe egun onak eta txarrak egongo dira eta. Horretaz gain, komeni da sektoreko beste jendea eredutzat hartzea: “egiten dutena ez kopiatu, baina hausnartu eta ikusi nola aplikatu ahal duzun”.

“Gure lehentasuna haztea da, oso txikiak garelako, baina ez dugu upategi industriala bihurtu nahi, produktuak inolako kontrolik gabe supermerkatura bidaltzen dituen horietakoa”

Gainera, produktu propioak iragartzen jakin beharra dago. Amatriak bere familiak kudeatutako Obas jatetxea (Iruñean) aipatzen du adibide gisa, haren bidez bere ardoak saldu eta publikora zabaldu ahal izan ditu eta.

Azken aholkua “arriskuari beldurra ez edukitzea” da. “Beldurra sentimendu normala da gizakiongan eta gainerako animalietan, baina beldur hori kendu behar duzu hazteko eta aukera berriak probestu ahal izateko”, ondorioztatu dute bi ardogileek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK