• ENPRESAK GAUR
  • Nafarroako Volkswagen geldirik dago piezen faltagatik

Nafarroako Volkswagen geldirik dago piezen faltagatik

Bi egunez etengo du ekoizpena, eta aldi baterako lan erregulazioa ezarriko zaie bi lanaldietan lan egin behar ez duten beharginei

Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen
Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen
2023eko martxoaren 6a
Eg. 2024eko otsailaren 1a

Nafarroako Volkswagenek bi egunez ekoizpena etengo du, astelehenean eta asteartean, piezak falta dituelako. Batzordean parte hartzen duten sindikatuek jakitera eman dutenez, bereziki abiadura kaxa automatikoen urritasunak ekarri du enpresa gelditu behar izatea, eta arazo horrek lantegian eragina izaten asteak daramatzala ohartarazi dute.

 

Enpresak langileei ohar bidez azaldu dienez, ez da autorik ekoitziko martxoaren 6an eta 7an, eta nagusien eskutik abisua jasotzen dutenek soilik joan beharko dute lanera. Aitzitik, lantokira joan behar ez dutenen bi lanaldiak aldi baterako lan erregulazioko egun gisa hartuko zaizkie.

Ingurumenari, jokabide kodeari eta kalitateari buruzko prestakuntza eskainiko zaie goizeko eta arratsaldeko txandetako langile batzuei. Ikastaroko bi ordu horiek konpentsatzeko, egun hori lanaldi osoko egun normaltzat hartuko da, eta, ondorioz, langile horiei ez zaie aldi baterako erregulaziorik aplikatuko.