Nafarroako Volkswagenek 1.024 milioiko inbertsioa egingo du auto elektrikora egokitzeko

Auto elektrikoen ekoizpena bateragarria izango da Landabenen egiten diren egungo hiru auto modeloekin

Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen Nafarroako Volkswagen | Argazkia: Volkswagen

Nafarroako Volkswagenek Landabengo lantegian auto elektrikoak egiteko plana aurkeztu du Nafarroako Administrazioaren aurrean. Guztira 1.024 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2023tik 2027ra bitartean (talde alemaniarrak Espainia osoan inbertituko dituen 7.000 milioietatik), bi modelo elektriko fabrikatzeko, eta lantegiaren batez besteko ekoizpena 300.000 auto ingurukoa izango da aldi horretan.

Foru Gobernuak eskuartean dituen datuen arabera, lantegia bi eredu horietara (oraindik zehaztu gabe eta esleitu gabe) egokitzearekin zuzenean lotutako inbertsioak 850 milioi euro ingurukoak izango dira, eta gainerakoa proiektu osagarrietara bideratuta egongo da.  Aurten 165 milioi euroko inbertsioa dago aurreikusita, etorkizuneko auto elektrikoari lotuta.

Auto elektrikoen ekoizpena bateragarria izango da gaur egun Landabenen egiten diren hiru errekuntza-autoen ereduekin, egungo autoen produkzio-zikloa amaitu arte.

Talde alemaniarrak aurreikusitakoaren arabera, Landabenen jasotzen diren bi modelo elektrikoak taldeko "Small BEV" gamakoak izango dira. 2026rako aurreikusita dago ibilgailu elektrikoak seriean ekoizten hastea.

Datu ofizialen arabera, proiektuak lantegiaren egungo enplegu maila ziurtatu nahi du datozen urteetarako, eta aurreikusitako teknologia berriei lotutako profil profesional berriak garatu asmoa du; beraz, errelebo kontratuari jarraipena emateko beharraz hitz egiten da. Hala ere, ostegunean dira hauteskunde sindikalak Landabenen, eta langile batzorde berriak helduko dio proiektu industrialak lan baldintzetan izango dituen ondorioen negoziazioari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK