Nafarroako Volkswagenek Skoda Epiq-en serieko ekoizpenari ekin dio. Skoda Epiq Txekiar Errepublikako markako Espainiako lehen ibilgailua da, eta fabrikako muntaketa-lineetatik irteten den lehen modelo elektrikoa. Fabrikazioari hasiera emateko ekitaldi instituzionala egin da, eta bertan izan dira Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta Volkswagen Taldeko eta Skoda Autoko zuzendariak.
Auto berria, Skoda Epiq modeloa, gaur egun Nafarroako fabrikan ekoizten den hirugarren modeloa da, Volkswagen T-Cross eta Taigorekin batera. Konpainiak laugarren modelo bat ere izango du, Volkswagen ID-Cross izenekoa, urteko azken lauhilekoan.
Ibilgailu berria ekoizteko aldaketak egin behar izan dira Landabengo (Nafarroa) lanegian. Zehazki, instalazioa egokitzeko konpainiak 5.390 metro karratutan handitu du lantegiko nabe bat, eta PXL motako prentsa berria instalatu du. Enpresak azaldu duenez, makineria horrek zurruntasun handiagoko piezak ekoizteko aukera ematen du, eta ibilgailu elektriko berrientzako karrozeriako osagaietarako soilik izango da.
2025eko urtarriletik 2026ko maiatzaren amaierara arte, langileek 231.000 trebakuntza-ordu jaso dituzte fabrikaren elektrifikazio-prozesuari loturikoak; alegia, langile bakoitzak batez beste 47 prestakuntza ordu jaso ditu. Trebakuntza horretarako inbertsioa 2,1 milioi eurotik gorakoa da. Ekitaldian zehar, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak “mugarri historikotzat” jo du ekoizpenaren hasiera, mugikortasun elektrikorako trantsizioan aurrera pausoa gisa definitu baitu.