NBI Bearings Europe doitasuneko errodamenduak eta osagai metalikoak fabrikatzen dituen konpainia arabarraren nazioartekotzea bultzatzeko eragiketa bateratua egin dute FEI Finantzen Euskal Institutuak eta COFIDES Espainiako garapena finantzatzeko konpainiak. Erakunde bakoitzak milioi bat euroko ekarpena egingo du horretarako, bi entitateek Elkargi eta Eusko Jaurlaritzaren Basque Trade & Investment agentziak duten lankidetza-hitzarmenaren baitan.
Eragiketak ahalbidetuko dio NBIri Indian duen bazkideari bertako filialaren %35 eskuratzea, konpainia oso-osorik kontrolatzea ahalbidetuko diona. Gainera, bertako planta produktiboa planta abangoardiako industria-teknologiaz hornitzeko ere baliatuko du dirua.
Egun mundu osoan 350 langile dituen enpresarentzat operazio gakoa izango da, bere esparruan hazkunderako potentzial handienetarikoa duen merkatua baita Indiakoa, egun dagoeneko bertan jarduten badu ere, Espainian eta Errumanian aritzeaz gain. Hala azpimarratu du Javier Raya enpresako Finantza zuzendariak. Era berean, hedapen estrategia izateaz gain, ekoizpenaren dibertsifikazioan beste pauso bat ematea ahalbidetuko dio NBIri.
Aipatzekoa da COFIDESen laguntza jaso duela enpresak 2019tik bere proiektuak finantzatzeko, eta Miguel Angel Ladero COFIDESeko Inbertsio saileko zuzendaria "oso pozik" agertu da emandako laguntzarekin. FEIko Inbertsioen arloko zuzendariak azpimarratu duenez, euren kasuan eragiketak "agerian uzten du erakundeak industria-enpresei kanpo-hazkundeko prozesuetan laguntzeko duen borondatea".