• ENPRESAK GAUR
  • Nerea Aranguren (Danobatgroup): "2026an zorro sendo, orekatu eta dibertsifikatuarekin sartu gara"

Nerea Aranguren (Danobatgroup): "2026an zorro sendo, orekatu eta dibertsifikatuarekin sartu gara"

Makina-erremintaren Biurtekoan izango da beste urtebetez kooperatiba taldea, Danobaten eta Soraluceren soluzioekin

Nerea Aranguren, Danobatgroupeko zuzendari nagusia | Argazkia: utzitakoa
Nerea Aranguren, Danobatgroupeko zuzendari nagusia | Argazkia: utzitakoa
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026eko otsailaren 26a - 05:30

Egun batzuk besterik ez dira geratzen Makina Erremintaren Biurtekoak ateak zabal ditzan, eta hitzordura indartsu iritsi da Danobatgroup, Nerea Aranguren Achotegui zuzendari nagusiak EnpresaBIDEAri azaldutakoaren arabera. "DNA teknologiko eta berritzailea erakusteko, markak indartzeko, talentua erakartzeko eta fabrikazio aurreratuaren esparruan gure lidergoa sendotzen jarraitzeko" ezinbesteko hitzordua da kooperatiba taldearentzat, batez ere ekosistema "hurbilean". Taldeko bi enpresen soluzioak izango dituzte aurten erakustokian: Soralucerenak, batetik, neurri handiko pieza zehatzak egiteko; bestetik, Danobatenak, "pieza handi eta astunetarako" pentsaturikoak. Azken horren kasuan, baina, Biurtekoa prestatzeko azken egunek gaur egingo den EAEko Industria planaren baitan garatuko den proiektu eraldatzaile berriaren aurkezpenarekin kointziditu du. Bertan izango da Aranguren.

 

Zein puntutan iristen da Danobatgroup 2026ko Makina Erremintaren Biurtekora? 

Danobatgroupek berrikuntza teknologikoaren eta fabrikazio aurreratuaren aldeko apustua indartzeko aukera gisa egiten dio aurre BIEMH 2026ari, industria sektore zorrotzenen benetako erronkei erantzuten dieten soluzioak erakutsita.

 

Azokan erakusgai dauden taldeko enpresa fabrikatzaileak, Danobat eta Soraluce, une sendoan daude, jarduera maila handiarekin eta balio erantsi teknologiko handiko proiektuekin. Azken urteetako 80 milioi eurotik gorako inbertsio estrategikoek gure gaitasun industriala eta teknologikoa ere indartu dute, eta horrek aukera ematen digu 2026ari ilusioz aurre egiteko, baina baita zuhurtziaz ere, hautematen den ziurgabetasun orokorra ikusita.

Urtea espero bezala itxi al zenuten?

Oraindik ezin ditugu behin betiko datuak eman, ekitaldia ixten ari baikara. Izan ere, hainbat enpresa ditu taldeak, hainbat geografiatan presentzia... Baina sentsazioak positiboak dira.

Gainera, 2026an zorro sendo, orekatu eta dibertsifikatuarekin sartu gara, balio handiko sektoreetan teknologikoki oso erronka handiko proiektuak esku artean ditugularik.

Hala ere, badakigu gure kontroletik kanpoko faktore askok eragin diezaguketela. Horregatik, lehen esan bezala, 2026ari ilusioz aurre egiten diogu, baina baita zuhurtziaz, autoexijentziaz eta gertatzen ari diren mugimendu guztiei arreta handia eskainiz ere.

"Azken urteetako 80 milioi eurotik gorako inbertsio estrategikoek gure gaitasun industriala eta teknologikoa ere indartu dute, eta horrek aukera ematen digu 2026ari ilusioz aurre egiteko, baina baita zuhurtziaz ere"

Aitzitik, egoera hori, zuok bizi duzuena, ez dator bat makina-erremintaren sektoreak bizi duen egoerarekin. Non izan liteke alde hori?

Sektoreak 2025ean datu negatiboak aurkeztu zituen arren, gure kasuan bide onean gaude gure soluzioei balio geruzak gehitzeko apustu iraunkorrari esker: teknologia, digitalizazio, automatizazio eta zerbitzu aurreratu gehiago. Bai Danobatek, bai Soralucek urteak daramatzate ildo hori indartzen, proiektu bakoitzean balio erantsi handiagoa txertatzen, eta soluzio osoak eta espezializatuak eskaintzen. Beste alor gako bat dibertsifikazioa da, bai sektore, bai merkatu aldetik.

Hala ere, esan bezala, zuhurtzia da nagusi: urte onetatik gatoz, baina testuinguruak zorrotza izaten jarraitzen du, eta horregatik jarri dugu fokua lanean jarraitzean. Era berean, gure balio proposamen bereizgarria izateko apustuari eutsi diogu, merkatuaren konfiantza egunez egun mantenduta.

Beti esaten da makina-erremintako enpresen emaitzek pista bat eman dezaketela askotariko sektoreek bizi duten egoerari buruz. Hala ikusten al duzue Danobatgroupetik?

Egia da makina erremintaren sektoreko emaitzek sarritan adierazten dutela industria askoren egoera; guk ere hala ikusten dugu. Azkenean, inbertsio ondasunen sektorean gaude, eta inbertsioa da ziurgabetasuna agertzen den unean gelditzen den lehen elementuetako bat.

Gaur egun ziurgabetasun geopolitikoak, merkataritza tentsioek, muga zergek edo Txinako ekoizleen presentzia gero eta handiagoak eragin zuzena dute mundu mailako merkatuetan. Horrek guztiak baldintzatzen du gure bezeroek inbertitzeko duten gogoa.

Gainera, sektore ezberdinetarako lan egiten dugu eta oso talde nazioartekotua gara; horrek merkatu globalekin lotura zuzena izatea dakar. Ondorioz, merkatuen mugimendu guztiak —bai gorabeherak, bai sortzen diren aukerak— berehala islatzen dira gure jardunean,

Beraz, bai: argi dugu makina erremintaren sektoreak industriaren osasunaren termometro modura funtzionatzen duela, eta momentu lasaiagoak egon direla.

"Argi dugu makina erremintaren sektoreak industriaren osasunaren termometro modura funtzionatzen duela, eta momentu lasaiagoak egon direla"

 

Zein puntura arte da Biurtekoa azoka inportantea Danobatgroupentzat?

BIEMH hitzordu berezia da guretzat: gure taldearen DNA teknologiko eta berritzailea erakusteko funtsezko gune bat izateaz gain, gure markak indartzeko, talentua erakartzeko eta fabrikazio aurreratuaren esparruan gure lidergoa sendotzen jarraitzeko azoka bat da, bereziki gure ingurune hurbilenean.

Gainera, BIEMHn parte hartzen hasi ginenetik, 1960ko hamarkadan, azoka horrekin hazi eta eboluzionatu du Danobatgroupek, eta horrek feriarekiko lotura emozional bat sortzen digu.

Fabrikazio aurreratuko azken soluzioak aurkeztuko dituzue. Zein sektoreetara zuzendutako soluzioez ari gara?

BIEMH 2026an, Danobateko eta Soraluceko soluzioak aurkeztuko dira, hala nola CGX artezteko makina, MDM 100 neurketa sistemarekin, eta FLP80 fresatzeko eta mandrinatzeko makina, besteak beste.

Danobaten kasuan, hainbat sektoretako pieza handi eta astunetarako soluzio egokia da, eta Soraluceren kasuan, neurri handiko pieza zehatzak behar dituzten sektoreetara bideratuta dago, hala nola ibilgailu industriala, moldea eta trokela, ekipo ondasunak eta doitasunezko ingeniaritza.

Era berean, Soralucek sektore aeroespazialari eskainitako espazio bat izango du, aero-egituren, motorren osagaien eta lurreratze-trenen mekanizazioan dituen gaitasunak erakusteko. Bere proposamena honako teknologia hauetan oinarritzen da: 5 ardatzeko mekanizazioa, moteltze aktiboa, funtzio anitza, automatizazio adimenduna eta prozesuen monitorizazioa.

"BIEMHn parte hartzen hasi ginenetik, 1960ko hamarkadan, azoka horrekin hazi eta eboluzionatu du Danobatgroupek, eta horrek feriarekiko lotura emozional bat sortzen digu"

Sakondu dezagun alderdi teknikoan. Danobatek zer aurkeztuko du Biurtekoan?

Danobatek BIEMH azoka aprobetxatuko du artezketako eta gogorreko torneatzerako azken nobedadeak aurkezteko, eta protagonismo berezia izango du dBOT soluzio robotiko disruptiboak, fabrikazioan aukera berriak ireki eta makina-erremintako soluzio berritzaileei balioa ematen dienak.

Bertaratzen direnek bertatik bertara ikusi ahal izango dute CGX makina zilindriko berria. Makina moldakorra da, eta diseinu trinkoa eta pieza ahalmen handia uztartzen ditu. Bere kategoriaren barruan, CGX nabarmentzen da 1800 mm-rainoko luzera, 540 mm-ko diametroa eta 500 kg-ko piezak arteztu ditzakeelako, mahai mugikorreko beste alternatiba batzuek baino %30eko leku gutxiago hartuz.

CGXek MDM-100 berria integratzen du, Danobatek bereziki artezteko makina zilindriko trinkoetarako garatutako diametro anitzeko lehen neurketa-sistema automatikoa. Teknologia horri esker, pre-, in- eta post-prozesuak automatikoki neur daitezke, langilearen esku-hartzea murriztuz, eta artezketan kontrol jarraitua eta zehatza ziurtatuz.

BIEMH, beraz, aukera bikaina izango da doitasunezko robotikako bere aditu taldea gertutik ezagutzeko eta CGX artezteko makinaren berrikuntza teknologikoa gertutik ezagutzeko, makina-erremintako soluzio disruptiboak balioetsiz. 

Soralucek FLP80 fresatzeko makina aurkeztuko du. Zein berezitasun ditu?

FLP80 fresatzeko eta mandrinatzeko makina Soraluceren Productivity Line gamaren eredu adierazgarri bat da, tamaina handiko osagaien mekanizaziora zuzendua. Pieza handiak mekanizatzeko diseinatuta dago makina eta txirbil-harroketarako gaitasun handia du, ebaketa-egonkortasun nabaria, baita abiadura, potentzia eta doitasuna ere. Teknologia aurreratuak ere baditu, hala nola DAS moteltze aktiboko sistema, kontrol moldagarria eta torlojuaren interpolazioa torneatze eragiketetarako.

Soluzio horretaz gain, Soralucek bere Soluzio Automatizatu Adimendunak aurkeztuko ditu, produktibitatea maximizatzeko eta fabrikazio prozesu osoan denbora ez-produktiboak murrizteko diseinatuak, makina, paletizazioa, prozesua, automatizazioa, tresnen kudeaketa eta softwarea ekosistema bakar batean integratuz.

"Gaur egun egoera larrian ez bagaude ere, lan handia egiten ari gara unibertsitateekin eta inguruko prestakuntza erakundeekin ditugun lankidetzak indartzeko"

Soluzio teknologikoez harago, Biurtekoaren baitan egiten den Workinn Talent azokan ere izango zarete. Nola bizi du Danobatgroupek talentuaren erronka?

Talentua da, zalantzarik gabe, industria sektorearen erronka handienetako bat, eta gu ez gara salbuespena. Teknologiak abiadura handian eboluzionatzen duen arloetan jarduten dugu —automatizazioa, robotika, prozesuen digitalizazioa—, eta horrek gero eta profesional espezializatuagoak izatea eskatzen digu. Behar horri, gainera, erronka demografikoa gehitu behar zaio.

Gaur egun egoera larrian ez bagaude ere, lan handia egiten ari gara unibertsitateekin eta inguruko prestakuntza erakundeekin ditugun lankidetzak indartzeko. Bestalde, garapenerako barne planak bultzatzen ditugu, gure pertsonek erakundearen barruan bilakaera profesionalerako aukerak izan ditzaten. Horrez gain, irmoki sinesten dugu STEAM bokazioak bultzatu behar direla, gure jarduera ikusgarriago egin behar dela eta industria erakargarriagoa izatea lortu behar dugula, bereziki emakumeentzat. Hor oraindik bidea dago egiteko, baina horretan aurrera egiteko lanean ari gara.