Nerea Aranguren, Mondragon taldeko makina-erreminta eta automatizazio industrialeko zuzendari berria

Pello Rodriguezen lekukoa hartuko du orain arte Ideko zentro teknologikoko zuzendaria izan denak

Nerea Aranguren | Argazkia: Danobatgroup Nerea Aranguren | Argazkia: Danobatgroup

Mondragon Korporazioko makina-erremintaren eta automatizazio industrialeko sailen zuzendari nagusi berria izango da Nerea Aranguren Achotegui. Hots, Danobatgroup eta MIA taldeena. Egun, Ideko zentro teknologikoko zuzendaria da, eta abuztuaren 1etik aurrera hartuko du kargu berria.

Pello Rodriguez Zabaletaren lekukoa hartuko du. Izan ere, Rodriguezek Mondragon taldearen lehendakaritza kargua hartuko du. Aranguren, zuzenduko dituen dibisioko enpresa askoren digitalizazio industriala bultzatzen aritu da, eta berrikuntza arloko hainbat foro eta batzorde gidatu ditu. Oinarri teknologikoko hainbat elkarte eta enpresatan ere lanean dihardu, hala nola Fabrikazio Aurreratu Aeronautikoko Zentroko (CFAA) enpresa elkarteko eta Savyy digitalizazio enpresako presidentea eta Basque Artificial Intelligence Centerreko (BAIC) presidenteordea baita.

“Ilusio handiz ekingo diot nire ibilbide profesionalaren etapa berri honi. Barru-barrutik eskertzen dut nigan jarritako konfiantza, eta konpromisoa hartzen dut onena emateko, bi dibisio hauek aurrera egiten eta beren esparruetan erreferente izaten jarrai dezaten”, adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK