Niba “neoenergetika” merkaturatu du Iberdrolak

Aplikazio baten bitartez bezeroek %100 online kudeatu ahal izango dituzte konpainiarekin loturiko prozesuak

AA erabiliko du tresnak, prozesuak "bizkortzeko" | Argazkia: Iberdrola
AA erabiliko du tresnak, prozesuak "bizkortzeko" | Argazkia: Iberdrola
2025eko ekainaren 27a
Eg. 2025eko ekainaren 27a

Niba izeneko start-up korporatibo eta %100 digitala sortu du Iberdrolak. Konpainiak azaldu du Nibaren helburua etorkizunean bezeroek izango dituzten beharrei aurre egitea izango dela: “Nibak konpainiarekin erlazionatzeko forma berria sustatuko du: %100 digitala eta adimentsua, energia modu kontzienteago eta interaktiboagoan kudeatzeko diseinatuta".

 

Aplikazio baten bitartez, Nibak aukera emango die bezeroei produktu guztiak online kudeatzeko, bulego fisikoen beharrik izan gabe. Adimen Artifiziala erabili dute esperientzia “bizkor, pertsonalizatu eta bezeroarentzako erabilgarriagoa” izan dadin. Hala, AAk erabiltzaileari lagunduko dio, besteak beste, kontsumoaren analisia egiten, aurrezteko gomendioak ematen, kontratatutako planak pertsonalizatzen eta kostuen optimizazioari buruzko erabakiak hartzen. Prozesu guztiak, hasieratik amaierara arte, online kudeatuko dira, horretarako prestatutako bezeroen arreta espezializatuaren bitartez.

Lehenengo “neoenergetika” gisa definitu du start-upa Mariola Martínez zuzendari nagusiak, “neobankuekin” (banku digitalak) alderatuta. Konpainiak azaldu du merkatu energetikoa eraldatze fasean dagoela, eta, hortaz, beharrezkoa dela digitalizaziora salto egin eta kontsumo bide berrietara egokitzea, bizitza estilo digitalagoa eta “konektatuagoa” duten bezeroen beharrei erantzuna emateko.