Nola bihurtu su-itzalgailuak lanpara

Cira World proiektua Prodein enpresa nafarrak bultzatu du su-itzalgailuak berrerabiltzeko, ekonomia jasangarri eta zirkularraren esparruan

Cira Worlden material zahartutik sortutako lanparak | Argazkia: utzitakoa
Cira Worlden material zahartutik sortutako lanparak | Argazkia: utzitakoa
Imagen 122
Kazetaria
2026eko urtarrilaren 3a - 05:30

Cira World proiektua Prodein enpresa nafarraren hedapen gisa jarri zen abian duela hiru urte inguru, erantzukizun sozialean oinarrituta. Izan ere, Prodein konpainia suteen aurkako babesean eta segurtasun-sistemetan espezializatu da, eta sortutako hondakinak erabiltzeko asmoarekin jaio zen Cira World. 

 

Arlo profesionala eta pertsonala batzeko modu gisa eratu zen, ekonomia zirkularra bermatzeko ideiarekin. Ekimenak su-itzalgailu zahartuak berrerabiltzen ditu, haietatik abiatuta apaingarriak eta funtzionalak diren produktuak sortuz. Guztira 35 lagunek osatzen dute Prodein, eta haren buruak dira Sonia Moneo zuzendariaSilvia García trazabilitate eta kalitate-arduraduna, Ana Andueza produktu-diseinatzailea eta Leyre Merino operazio-burua. “Cira World izena erabaki genuen soinu femeninoa zuelako, eta hain zuzen ere, haren sortzaile guztiak emakumeak garelako”, azaldu du Moneok.

Enpresa Moneoren aitak, Antonio Moneok, sortu zuen 1981an, eta 2004tik aurrera Soniak eta bere anaiak kudeatu dute. “Oso talde profesional batekin” egiten duela lan ziurtatu du Moneok.

 

Materialaren lantzea eta jatorriaren ziurtagiria, gakoak

Silvia García, Sonia Moneo eta Ana Andueza | Argazkia: utzitakoa
Silvia García, Sonia Moneo eta Ana Andueza | Argazkia: utzitakoa

Garcíak azaldu duenez, “Cira World proiektua Prodeinen bezeroek emandako itzalgailuez hornitzen da”. Izan ere, segurtasun-protokoloen arabera, “gomendatzen da hogei urte eta gero itzalgailuak erabiltzeari uztea”. Hornitzaile horien artean “Iruneko farmazia batetik hasi eta Tafallako fabrika bat ere aurki daiteke”.

Produktua sortzerako orduan, lehen urratsetako bat izaten da su-itzalgailuaren kaskoa lantzea, karbono-aztarna ahalik eta txikien izatea ziurtatuta. “Cira Worlden baitan eratutako produktu bakoitzak Produktuaren Pasaporte Digitala (PDP) darama, haren jatorria eta trazabilitatea ziurtatzeko”, gehitu du Garcíak. Hala, produktu bakoitza “esklusiboa" da, "bai jatorriz, bai formaz”.

Osotara, “Cira Worldek 20 tona itzalgailu kudeatzen ditu“. Haien suntsiketak “10 tona karbono dioxido eragingo lituzke; altzairu birjinekoak badira, 40 tonara irits daiteke”. Aldiz, “berrerabiltzen den su-itzalgailu bakoitzeko batez beste 15 kilo karbono dioxido aurrezten dira”.

Silvia García: “Berrerabiltzen den su-itzalgailu bakoitzeko batez beste 15 kilo karbono dioxido aurrezten dira”

Hain zuzen, azken 26 urteetan, eta, batez ere, 2012 urtetik aurrera, Prodeinek ahalegin handia egin du jasangarritasunaren eta zirkularitatearen alorretan. Irizpide horiek gauzatzeko, besteak beste, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroarekin (CEIN) egin dute lan. Haiekin “marka bat eratzeari buruz eta produktu-lerro zein katalogoen sorrerari buruz” ikasi dutela diote.

Proiektua Konpainia Ona pentsamoldea jarraituz gauzatu da. Honek “fokua pertsonengan eta ingurune jasangarrian jartzen du, hauek zainduz eta pertsona bakoitza bakarra dela gogoan hartuz”.

Produktuen diseinua

Luno izeneko kubiletea mugikorrak eramateko | Argazkia: utzitakoa
Luno izeneko ontzia, mugikorrak eramateko | Argazkia: utzitakoa

Cira Worldek lau lanpara-mota (Lume, Lixor, Lampe eta Lantern) eta mugikorrak eramateko ontzi bat (Luno) eskaintzen ditu. “Ekodiseinuaren printzipioak jarraitzen ditugu, ahalik eta material gutxien erabiliz, hura jasangarria dela ziurtatuz, eta bertako artisauekin elkar lan eginez”, zehaztu du Anduezak. Itzalgailuaren zatiketa egin eta gero, “osagarri guztiak probesten saiatzen da, baita mahuka ere”.

Salmentak eta harrera

Prodein-ek diseinatutako lanparetako baten itxura jangela batean | Argazkia: utzitakoa
Prodeinek diseinatutako lanparetako baten itxura jangela batean | Argazkia: utzitakoa

Garcíaren hitzetan, salmentekin “duela hilabete bat” hasi ziren eta denbora horretan lau lanpara saldu dituzte. “Ikerketek erakusten dute kontsumitzaileek gero eta gehiago nahi dituztela produktu jasangarriak, artisau-izaera eta pasaporte digitala bezalako elementuak dauzkatenak”. Dionez, horien eskaera “handiagoa da iparraldeko eta erdialdeko Europan”.

Ana Andueza: “Ekodiseinuaren printzipioak jarraitzen ditugu, ahalik eta material gutxien erabiliz, hura jasangarria dela ziurtatuz, eta bertako artisauekin elkar lan eginez”

Etorkizunerako planak: salmenta-bide berriak eta sorta zabalagoa

Moneok azaldu bezala, haien plana da “Etsy eta Ekohunters bezalako punta-puntako plataformetaz” baliatzea da, salmentarako kanal gisa. YouTube, Instagram, LinkedIn eta Munay plataforma elektronikoa ere erabiltzen dituzte haien produktuak sustatzeko. Era berean, Garcíak dio haien produktuak “Nafarroan eta inguruko eskualdeetan saltzeko plana” daukatela. 

Gainera, Anduezaren esanetan, orain arte eratu dituzten bost produktuen eskaintza “zabaldu” nahi dute, “haien estetika berrikusteaz eta ekoizpen-prozesuaren prezioa beheratzeaz gain”. Bestalde, “produktu bakoitzarentzat lerro propioa (mahaiarako, sabairako, etab.)” ere sortu nahi dute.

Moneok gehitu du jasangarritasunarekiko ahalegin horrek "bestelako sektoreetan eragina" daukala, "hauen arteko elkartzea dela eta”. Gainera, “trazabilitatea bezalako faktoreek gure produktuak esklusibo bilakatzen dituzte, haren diseinua eta kolorea pertsonalizatzeko aukeraz izateaz gain”. “Enpresa gutxik esan dezakete haien hondakin propioekin sortu dutela lerro komertzial oso bat”, ondorioztatu du Prodeineko zuzendariak.