Novaltia farmazia kooperatibako 11 langileri ekainaren 30ean jakinarazi zieten uztailaren 31tik aurrera Zaragozara lekualdatuko zituztela. ELA sindikatuak neurri hori jazarpen sindikalarekin lotu zuen, eta azaldu zuen lekualdaketak jasango zituzten langileek hiru urtez greban parte hartu zutela. Greba horren ondorioz, Novaltiak Bizkaiko langile guztien lan baldintzak hobetu zituen akordio bat sinatu zen, baita greban parte hartu ez zutenentzat ere.
Sindikatuak lekualdaketaren aurkako demanda aurkeztu zuen Bilboko Lan Arloko Epaitegian, eta kautelazko neurriak eskatu zituen. Oinarrizko eskubideen urraketa, jazarpen sindikala eta zaintza eskubidearen aurkako erasoa salatu zituen sindikatuak, 11 langileetatik zazpik beren ardurapean pertsonak dituztela argudiatuta.
Azkenean, uztailaren 22an, lekualdaketa indarrean sartu baino bederatzi egun lehenago, 11 langiletatik 10ek enpresaren kalte-ordain proposamena onartu zuten. ELAren arabera, Novaltiak bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ordaindu behar izan du, eta, horrez gain, 9.000 euro langile bakoitzari, kalte eta galerengatik. Beste langile batek, berriz, Zaratamon (Bizkaia) duen lanpostua defendatzen jarraitzea erabaki du, eta haren auzia irailaren 11n epaituko da.
ELAk salatu du enpresaren benetako helburua lan baldintzak hobetzeko borrokatu ziren langileak kaleratzea izan dela, eta ez Zaragozako lantokira eramatea. Sindikatuaren hitzetan, "beste behin ere, Rajoyren erreformak ezarritako mugikortasun geografikoaren prozeduraz baliatu dira enpresak; izan ere, horri esker, enpresek xantaia egin diezaiekete langileei, eta, kasu gehienetan, kontratua deuseztatzera behartu". Halaber, erreforma hori indarrean mantentzea ere kritikatu du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta