Olano Services enpresa lapurtarrak Frigoscandia talde suediarraren Frantziako filiala erosi du

Frigoscandiako Frantziako filialak 300 langile eta 50 ibilgailu ditu. Erosketa 2022ko azken hiru hilekoan gauzatuko da

Argazkia: Olano Services Argazkia: Olano Services

Olano Services SAS Donibane Lohizuneko enpresak Suediako Frigoscandia multinazionalari Frantzian duen filiala erosi dio. Elikadura-produktu izoztu eta freskoetan espezializatutako garraio eta logistikako enpresa da Frigoscandia eta Frantziako egoitza Boulogne-Sur-Mer udalerrian du. Enpresaren jarduera nagusia merkantzia epelen garraio nazionala da, itsaskien alorrarena batik bat. Erositako konpainiaren plataforma logistikoa, batez ere, 50 bat ibilgailuk, terminal batek eta 70 langile baino gehiagok osatzen dute. Salerosketa akordioa maiatzean sinatu badute ere, eragiketa 2022ko hirugarren hiruhilekoan gauzatzea espero da.

Nicolas Olanok eratu zuen enpresa 1975ean eta bost urte beranduago Donibane Lohizuneko Jaldai industrialdean bere egoitza nagusia ezarri zuen. Enpresak hazkunde handia izan zuen lehen urteetan jaki fresko eta izoztuen alorrean. 1993tik aurrera Frantziatik kanpora hedatu zuen garraioaren jarduera. Gaur egun garraioaz gaindi kate logistikaren beste alor batzuetan ere badabil enpresa. 2018an enpresak urrats berria eman zuen negozio arlo berriak jorratzeari ekinez. Donibane Lohitzunen bere lehen hotela ireki zuen, Madison hotela. Gaur egun bi hotel ditu eta coworking gune bat.

Taldeak 480 milioi euro fakturatu zuen 2021ean. Guztira 3.000 langile, 60 egoitza eta 1.500 ibilgailu ditu taldeak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK