Beaz Bizkaiko Foru Aldundiaren erakundeak antolatutako ON sariak Bizkaiko ekosistema ekonomikoaren barruan erreferentziazko aitortza bihurtu dira. Helburua ez da soilik fakturazio handiena edo hazkunde azkarrena duten enpresak saritzea; aitzitik, lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean ekarpen berritzailea egiten duten ekimenak azpimarratzea da. Sariok gero eta oihartzun handiagoa dute ekintzailetzaren, industria berrien eta ekonomia digitalaren munduan.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Líbere, ostalaritza eta teknologia digitalaren uztarketa
Enpresa honek ostalaritza sektorea ulertzeko modu berri bat proposatu du: apartamentu turistikoen eta hotel-zerbitzuen arteko eredu hibridoa. Konpainiaren planteamenduak teknologia jarri du bezeroaren esperientziaren ardatzean.
“Oso aitortza berezia da guretzat, ez bakarrik sariak berak ordezkatzen duenagatik, baita Bizkaitik datorrelako ere, Líbere Hospitality Group sortu zen lekutik, alegia. Hazkunde eta nazioartekotze handiko une batean sari hau jasotzeak urte hauetan egindako lanaren eta eraiki dugun ereduaren baliozkotze garrantzitsua dakar. Gainera, osagai emozional handia ere badu, erakusten duelako hemendik ere Europako bokazioa duten eta teknologia eta berrikuntzaren bidez sektore tradizionalak eraldatzeko gaitasuna duten proiektuak garatu daitezkeela”, adierazi du Anton de la Ricak, Líbere Hospitality Groupeko CEOak.
Líbereren eredua apartamentu-eraikin osoak eta lizentzia turistikoa duten ostatu malguak kudeatzean datza. Jabe eta inbertitzaileei operatiba osoa haren esku uzteko aukera eskaintzen diete: merkaturatzetik eta revenue managementetik hasita, bezeroaren esperientzia eta aktiboaren eguneroko kudeaketaraino.
“Desberdintasuna da operatiba horren zati handi bat zentralizatuta dagoela eta teknologia propioan oinarritzen dela; horri esker, hainbat herrialdetako aktiboak modu askoz eraginkorrago eta eskalagarriagoan kudeatu ditzakegu. Prozesu asko automatizatzen ditugu teknologiaren bidez: online check-ina, bezeroarekiko komunikazioa edo denbora errealeko kontrol operatiboa, besteak beste”, nabarmendu du De la Ricak.
Anton de la Rica (Líbere): “Gure helburua ez da bolumenagatik haztea, baizik eta benetan balioa eman dezakegun eta epe luzera jarduera jasangarriak eraiki ditzakegun aktibo eta merkatuetan sartzea”
Konpainia hazten joan den heinean eta Europako merkatu berrietara zabaldu den neurrian, estrategia oso selektibo eta diziplinatu bati eustearen garrantzia ere ikasi dute. “Gure helburua ez da bolumenagatik haztea, baizik eta benetan balioa eman dezakegun eta epe luzera jarduera jasangarriak eraiki ditzakegun aktibo eta merkatuetan sartzea”, adierazi du De la Ricak.
Líbereren kasuan, teknologia funtsezkoa da bai bezeroaren esperientzian, bai eraginkortasun operatiboan. Prozesuak automatizatzeko, operazioak zentralizatzeko eta pricing, okupazio edo aktiboen eguneroko kudeaketa bezalako arloetan erabaki askoz azkarrago eta zehatzagoak hartzeko aukera ematen baitie. Aldi berean, bezeroaren esperientzia hobetzen du, prozesu arinago eta autonomoagoak eskainiz; gaur egungo hiri-bidaiariak gero eta gehiago eskatzen duen zerbait da hori. “Datozen urteetarako, gure presentzia sendotu behar dugu dagoeneko lanean ari garen merkatuetan, oraindik tarte handia ikusten baitugu horietan, eta guretzat erakargarriak diren merkatu berriak bilatzen jarraitu. Gainera, flex livingari lotutako formatu berriak lantzen ari gara, eta gure plataforma teknologikoa eta operatiboa garatzen jarraitzen dugu”, azpimarratu du De la Ricak.

Revenant: portu eta industria astuneko makineriaren birmoldaketen erreferentea
Revenant Industrial & Ports Machinery enpresak bestelako profila aurkeztu du ON sarietan aitortza jaso duten enpresen artean; izan ere, industria astunarekin eta portuetako azpiegiturekin lotutako jarduera du ardatz. Konpainiak makina industrialen, portuetako ekipamenduen eta mantentze tekniko aurreratuaren arloan egiten du lan.
“Enpresa Berritzailearen Sorkuntza kategoriak zerbait berria eraikitzen ari diren proiektuak aitortzen ditu, eta hori da, hain zuzen ere, guk egiten duguna: portu eta industria arloko makineria astunaren birmoldaketek ez zuten oraindik erreferenterik. Ez gara makinak konpontzeaz ari: guztiz berreraikitzen ditugu, 2026ko teknologiara eta araudira egokitzen ditugu, CE ziurtagiri berri bat ematen diegu eta merkatura ekipo berri gisa itzultzen ditugu. Hori da Revenantek hutsetik sortu duena”, azaldu du Alex Lopez Aller CEOak.
Bizkaiko Alonsotegin instalazioak dituen Revenantek normalean bananduta egoten diren elementuak uztartzen ditu: industria astuna, altzairua, motorrak eta transmisioak, jasangarritasun neurgarriarekin eta ekonomikoki bideragarria den negozio-eredu batekin.
Alex Lopez Aller (Revenant): “2022an jaio ginen konbikzio batekin: bizitza erabilgarriaren amaieran dagoen makineria astuna lehengaia dela, ez txatarra. Eta eman dugun urrats bakoitzak ideia hori indartu du"
“Ez diogu bezeroari gehiago ordaintzeko eskatzen jasangarria izateagatik. CE ziurtagiri berria duen makina bat eskaintzen diogu, bermearekin, egungo araudira eta teknologiara egokitua, propultsioaren pertsonalizazioarekin, lau hilabetetan hamabi edo hamabost hilabeteren ordez, eta makina berri batena baino kostu txikiagoarekin”, adierazi du Lopez Allerrek.
Azken urteotan nazioarteko merkataritzaren hazkundeak eta logistika-kate globalen eraldaketak portuen modernizazioa azkartu dute. Testuinguru horretan, Revenantek aukera estrategikoa ikusi du industria eta portu sektoreari irtenbide tekniko espezializatuak eskaintzeko. “2022an jaio ginen konbikzio batekin: bizitza erabilgarriaren amaieran dagoen makineria astuna lehengaia dela, ez txatarra. Eta eman dugun urrats bakoitzak ideia hori indartu du. Gure inbertitzaileen babesa, Eusko Jaurlaritzaren laguntza, Aldundiarena, Bilboko Portu Agintaritzarena eta, orain, sari hau... denek baieztatzen dute norabidea zuzena dela. Eta indarra ematen digu bultzatzen jarraitzeko; azkenean, balio duena gure plantatik ateratzen diren makinak direlako”, nabarmendu du.