2021eko abenduan sinatu zuten Grupo Artechek eta Hitachi Energyk joint venture bat sortzeko akordioa, gasatik isolatutako transformadoreen arloan elkarrekin aritzeko. Aldiz, iragarri dute bi enpresek komunikatu batean erregulazioan aritzen diren autoritateek onartu egin dutela hitzartutakoa. Beraz, orain arte Arteche Gas Insulated Transformers (AGIT) zelakoa Arteche Hitachi Energy Instrument Transformers S.L. izatera igaroko da, eta bizkaitarraren esku izango da % 51, eta gainontzeko % 49a japoniarraren esku. Enpresatik azaldu dutenez, "bi enpresen esperientzia bateratuko du berriak. Izan ere, berrikuntza teknologikoak eta komertzializazioaren bikaintasunean probatutako esperientzia dute neurrira egindako transformadoreen ekoizpenean".
Egingo dituzten transformadoreak, berriz, "jasangarriak" izatea bilatzen dute. Hala ere, bat egin badute ere produktua sortzeko, aipatutako transformadoreen promozioa eta salmenta modu independentean egingo dituzte bi parteek. Alexander Artetxe enpresako zuzendari nagusi eta presidentearen hitzetan, "Artecheren hazkundean beste pauso bat da hau, 2023ko plan estrategikoaren baitan". Era berean, modu globalean euren posizio komertziala "hobetzea" ahalbidetzen dio joint venture honen sorrerak.
Taldeak joan den astean egin zuen Akziodunen Batzarra, eta iazko datuak aurkeztu zituen. 2021ean 282 milioi euro lortu zituen, 2020an baino % 6,6 gehiago. Aurten 75 urte betetzen ditu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta