Once Fundazioaren 'start-up'en azelerazio programan sartu da Kuvu

Kuvuk adineko pertsonak lotzen ditu etxebizitza behar duten gazteekin, elkarrekin bizi daitezen alokairu solidario baten truke

kuvu sortzaileak kuvu sortzaileak

Kuvu plataforma Once Fundazioaren start-up azelerazio programan sartu da. Fundazioak eta Kuvuk positibotzat jo dute elkarlan berria.

Kuvuk logela soberan duten adineko pertsonak (65 urtetik gorakoak) elkartzen ditu etxebizitza behar duten gazteekin, elkarrekin bizi daitezen. Hala, inklusio soziala eta ongizate emozionala sustatu nahi da, elkartrukearen bitartez. Bide batez, helburu dute bizi eredu “jasangarriagoa eta bidezkoagoa” sortzea.

Gazteek etxebizitzaren mantentze gastuetan laguntzen dute, eta alokairu solidario txikia ordaintzen dute. Horrez gain, programak bitartekaritza zerbitzuak eta aholkuak eskaintzen ditu bizikidetzan sor daitezkeen arazoak konpontzeko.

Egun, Kuvun 500 pertsonek baino gehiago eskaintzen dute logela, eta 7.000 gazte inguruk dute alokairua lortzeko aukera. Eduardo Fierrok, Kuvuko zuzendari exekutiboak, adierazi du harreman intergenerazionalek gaitasuna dutela bizitzak eta komunitateak eraldatzeko. Haren ustetan, Once Fundazioarekin lankidetza lagungarria izango da plataformaren helburua sendotzeko.

Jesús Hernándezek, fundazioko irisgarritasun eta berrikuntza zuzendariak, azaldu du teknologiak aukera berriak sortzen dituela, eta “gizarte kohesioa errazten” duela, batik bat “bakardadearen gisako egungo arazoei erantzuna eskaintzeko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK