
Onnera Group sukaldaritzako, garbitegietarako eta hotz sistema aplikatuen ekipamendurako soluzioak eskaintzen dituen Mondragon Taldeko enpresak lantegi berri bat eraikiko du Oñatin. Garbigailu industrialen planta izango da, alor horretan erreferente izan eta bere posizionamendua indartzea helburu duena. Enpresak jakitera eman duenez, 17 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du proiektu berrian.
Proiektu berritzailea izango da ingurumen ikuspegitik, teknologia berriak erabiltzen baititu bere produkzio prozesuak eta energia eraginkortasun mailak hobetzeko. Planta berriko eraikuntza lanak hasi dituzte dagoeneko, eta, behin amaituta, egungo fabrikazio eta logistika gaitasunak handitzen eta enplegua sortzen lagunduko lukeela azaldu dute enpresan.
Inoizko salmenta daturik onenak
Planta berriaren iragarpenarekin batera, Onnera Groupek 2022ko balantzea egin du, eta inoizko salmenta daturik onenak lortu dituela jakinarazi du: 380 milioi euroko irabaziak lortu baititu. Hori horrela, Gipuzkoako enpresa talde nagusienen artean kokatu da; izan ere, aurreko ekitaldiko emaitza bikoiztu du eta EBITDA indizea %69 handitu du.
Salmenta guztien %68 nazioartekoak izan dira, eta AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Latinoamerika dira taldearen merkatu nagusiak. Espainia mailan, berriz, salmenten %32 egin dituzte, lidergo postuan mantenduz.
Datuok ikusita, Eduardo Calvo Onnera Groupeko zuzendari nagusiak positibotzat jo du iazko urtea, eta eskertu egin du taldeko pertsona guztiek egindako ahalegina merkatuetan inflazioa eta ziurgabetasuna nagusi diren ekitaldian. Halaber, determinazioz jokatuko duela gaineratu du, taldearen etorkizuneko erronkak lortu asmoz.
Zazpi lantegik eta hamabi merkataritza filialek osatzen dute egun Onnera Group. 2.5000 pertsonatik gorak egiten dute lan bertan, eta Oñatin du egoitza nagusia.