• ENPRESAK GAUR
  • Orange-MasMovil fusioari oniritzia eman dio Europako Batzordeak

Orange-MasMovil fusioari oniritzia eman dio Europako Batzordeak

Martxoaren amaieran sartuko da merkatuan enpresa berria, eta 7.400 milioi euro inguruko diru-sarrerak izango ditu

MasMovilen egoitza | Argazkia: Europa Press
MasMovilen egoitza | Argazkia: Europa Press
2024eko otsailaren 21a
Eg. 2024eko otsailaren 21a

Orange eta MasMovil etxeen arteko fusio prozesuak beste urrats bat eman du, Europako Batzordearen oniritzia jaso baitute joint-venture bat sortzea adostu zutenetik urtebete igaro denean. Hala, martxoaren amaieran ekingo dio sozietate berriak jarduerari, 18.600 milioi euroko balioa izango duen enpresa sortuz. Jakinarazi dutenez, bi etxeek gobernantza eskubide berak izango dituzte (%50).

 

MasMovil etxeak jatorria Gipuzkoan du, eta Euskaltel erosi zuen orain urte batzuk. Orangekin batuta, Espainiako estatuko bi telekomunikazio konpainia handienetakoak elkartuko dira. Bezeroei dagokionez, merkatuan lehen postuan kokatuko da, baina fakturazioan Telefonicak jarraituko du buru izaten.

Eratuko den enpresak 7.400 milioi euro inguruko diru-sarrerak izango dituela kalkulatu dute. 2022ko udaran iragarri zuten bi konpainiek fusio akordioa, eta iaz amaitzea aurreikusten bazuten ere, prozesua luzatzen joan da. Orain, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluaren oniritzia jaso behar du, martxoan jada enpresa berria merkatuan izateko.