• ENPRESAK GAUR
  • Orbik Cybersecurityk bi milioi euroko finantzazio erronda itxi du

Orbik Cybersecurityk bi milioi euroko finantzazio erronda itxi du

Mondragon taldeko 'start-up'ak hiru urte bete ditu, eta 2030era begira "asmo handiko negozio plan bat" bultzatu nahi du

Salva Trujillo zuzendari nagusia, Unai Viscarret presidentea eta Odei Olalde Errektore Kontseiluko idazkaria | Argazkia: Mondragon Korporazioa
Salva Trujillo zuzendari nagusia, Unai Viscarret presidentea eta Odei Olalde Errektore Kontseiluko idazkaria | Argazkia: Mondragon Korporazioa
2026ko maiatzaren 19a - 17:00
Eg. 2026ko maiatzaren 19a - 17:01

Mondragon taldeko Orbik Cybersecurity start-upak Ohiko Batzar Nagusia egin du hiru urte bete berritan, eta 2025eko datu ekonomikoen berri eman du. Konpainiak bi milioi euroko diru-sarrerak gainditu zituen iaz, eta 50 lagun baino gehiagoko lantaldea du dagoeneko.

 

Azaldu dutenez, “negozioaren hazkunde sendoa" lortu eta berrikuntzaren aldeko apustua egin du Orbikek, produktuen zibersegurtasunari eta industriarako araudia betetzera lagunduko duten irtenbide aurreratuak garatuta. "2025an jarduera eta finkotasun maila igo dugu, eta gure ereduaren sendotasuna eta aktibo teknologikoak industriarentzako irtenbide erreal bihurtzeko gaitasuna erakutsi dugu. Produktuaren zibersegurtasunean proposamen diferentzial bat eraikitzen ari gara, sektorearentzat funtsezkoa den une batean", adierazi du Salva Trujillo enpresako zuzendari orokorrak.

Start-uparen mugarri nagusienetako bat Orbik Virtual Lab produktu berria merkaturatzea izan da, hots; produktuen zibersegurtasunerako laborategi birtuala. Espazio honi esker, enpresek beren produktuen zibersegurtasuna baliozkotu, testatu eta ziurtatu ahal izango dute.

 

Era berean, Mondragon taldeko enpresak bi milioi euroko finantzazio erronda bat itxi du, “2030erako asmo handiko negozio plan bat bultzatzeko helburuarekin”.

"Gure bazkide estrategikoen etengabeko babesak Orbik Cybersecurityren proiektua bermatzen du, eta eredu kooperatibo bereizgarri batean oinarrituta zibersegurtasun industrialean Europako erreferente bat eraikitzeko gure anbizioa indartzen du. Hazkunde sendo eta jasangarri baten oinarriak finkatzen ari gara, industrian eta gizartean eragina izango duena ", nabarmendu du Unai Viscarret Orbik Cybersecurityko presidenteak.

2026ra begira, diru-sarreretan jarduera %50 inguru handitzea aurreikusten du start-upak, eta 65 laguneko lantaldea osatzea. Era berean, ehun bezero berri erakartzea espero du.

"Gure fokua bezeroen eskaerei erantzutea da orain: taldearen gaitasunak eskalatuz, gure produktu eta zerbitzuen diferentziala bikaintasun teknologikoarekin mantenduz. Produktuen zibersegurtasuna elementu kritikoa izango da Europako lehiakortasun industrialerako, subiranotasunerako eta erresilientziarako, eta eragile garrantzitsua eta bereizgarria izan nahi dugu esparru horretan", nabarmendu du Trujillok.