Oreka IT eta Euskaraldia

Euskal aholkularitza enpresak hirugarren aldiz parte hartuko du Euskaraldian. Egistasmoan parte hartzeak enpresako barne-ariguneak identifikatzea eta indartzea ahalbidetzen du

Argazkia: utzita
Argazkia: utzita
2025eko apirilaren 29a
Eg. 2025eko apirilaren 29a

Oreka IT aholkularitza teknologikoari buruzko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa da, SAP teknologian adituak direlarik. Gertuko konpainia da, bulegoak Euskal Herrian eta Katalunian ditu, haien bezerotik hurbil egon ahal izateko.

 

Euskararen erabilera sustatzeko mugimenduaren parte sentitzen dira, eta, horregatik, aurten ere enpresa gisa parte hartu nahi dute Euskaraldian; izan ere, hizkuntza kudeaketa Oreka ITren plan estrategikoaren barruan sartzen da. “Ez hori bakarrik, euskara gure egunerokotasunean barneratzeko ahaleginen parte ezinbestekotzat hartzen dugu”, adierazi du Amaia Rubio konpainiako aholkulari eta euskara taldeko partaideak.

Euskaraldian parte hartzeak langileriaren hizkuntza ohituretan era positiboan eragiteko balio du, eta, modu horretan, hizkuntzaren erabileraren garrantziaz hausnartzeko bidea irekitzen dute. “Enpresako barne-ariguneak identifikatu ditzakegu era errazago batean, horiek indartzen laguntzen diguna”, gehitu du Rubiok. Are gehiago, enpresaren balioak zeintzuk diren erakutsi eta mantentzea ere laguntzen diela uste du.

 

Oso erraza da Euskaraldian izena ematea. Rubioren aholkua da urrats hori emateko duten enpresei ohartaraztea gizarte mugimendu horretan parte hartzea izan daitekeela beraien enpresetan euskara sustatzearen lehenengo pausoa. Hori dela eta, komunikazioan eta izena emateko eta kontzientziatzeko egiten diren kanpainetan ahalegina egitea garrantzitsua iruditzen zaio.

Eureka, euskararen barne taldea

Euskara plana garatu du Oreka ITk, hainbat ekintza eta zereginen bitartez bultzaturik. Horren kudeaketa Eureka euskara barne taldearen ardura da.

Enpresan hartutako neurri esanguratsuenak honako hauek dira: telefonoko lehenengo hitza euskaraz egitea, giza baliabideko lehenengo elkarrizketan euskaraz aritzera bultzatzea, administraziotik edota zuzendaritzatik etortzen diren email guztiak hiru buzoi desberdinetan banatzea, hizkuntz-lehentasunaren arabera (gaztelania, euskara eta katalana), errotulazioa elebiduna izatea, euskaraz dakiten langileak identifikatzea, emaileko sinadura eta ordenagailuetako pegatinek “Nirekin hobeto euskaraz” esaldia edukitzea, euskararen egunean ekintzak antolatzea, Kafea Euskaraz edo Euskaraldian parte hartzea, Eureka taldea sustatzea, Korrikan eta antzeko ekitaldietan parte hartzea eta babestea, kanpo harremanetarako erabiltzen den hizkuntza euskara izatea, eta kontratazio berrietan euskara jakitea kontuan hartzea (profil euskaldunak lehenesten dituzte eta administrazioan derrigorrezko baldintza da hizkuntza jakitea).

Euskara plana garatu du Oreka ITk, hainbat ekintza eta zereginen bitartez bultzaturik. Horren kudeaketa Eureka euskara barne taldearen ardura da

Euskaraldian parte hartzen duten hirugarren aldia da. Baina ez hori bakarrik, euskararen sustapenaren inguruan egiten diren egitasmoen artean presentzia handia ere badute; hala nola Arabako Enpresen Foroan, Korrikan, Araba Euskarazen, Nafarroa Oinezen, etab.

Euskararen presentzia enpresan

Oreka IT jaio zenetik, euskara bere filosofia eta baloreen oinarrietan izan duen erakunde euskalduna izan da. Betidanik eman zaio garrantzia, eta barne eta kanpo harremanak euskaraz egin ahal izatea bermatu dute. Edonola ere, fase desberdinak bizi izan dituzte, batzuetan, modu organiko batean garatu da, beste batzuetan, euskara plana edo ekintza zehatzen bidez aurrera eraman dute. Rubioren arabera, enpresa handitzeak ere kudeaketa aldatu behar izatea ekarri du sarritan.

Amaia Rubio: “Erabilerari dagokionez, tamalez, ezaguna dugun arazoa aurkitzen dugu maiz: euskara dakiten baina egunerokotasunean erabiltzen ez duten euskaldunak ditugu, eta hau da oztopo handiena”

Gaur egun, euskara planean garatzeke dauden ekintzak lantzen jarraitzen dute; enpresa handitzen ari denez, langile berri asko sartu dira azkenaldian, eta nahiz eta bulegoen arteko koordinazioa mantentzea zaila izan, langile kopurua kontuan izanda, Eureka taldeak ahaleginak egiten jarraitzen du euskararen erabilera bultzatzeko enpresa barnean.

“Erabilerari dagokionez, tamalez, ezaguna dugun arazoa aurkitzen dugu maiz: euskara dakiten baina egunerokotasunean erabiltzen ez duten euskaldunak ditugu, eta hau da oztopo handiena”, ohartarazi du Rubiok. Horri Kataluniako bulegoaren irekiera gehitu behar zaio, enpresaren kudeaketan hirugarren hizkuntza bat txertatzera eraman diena.

Enpresaren filosofiarekin bat

Informatika sektorean ingelesa nabarmentzen da bereziki, eta, askotan, ez da erraza formakuntza, baliabide edo euskarriak euskaraz aurkitzea. Hala ere, Rubiok dioenez, euskara geroz eta presentzia handiagoa lortzen ari da, euskarazko proiektu digital, formakuntza plataforma eta aplikazio teknologikoei esker. Gainera, entitate publikoen aldetik ere laguntza ekonomikoak eskaintzen zaizkie enpresaren barne euskararen sustapena lantzen duten enpresei.

“Gure ustez, beti dago zerbait hobetzeko; izan ere, gure euskara planaren barruan garatu gabeko puntuak ditugu oraindik, pixkanaka-pixkanaka betetzen joango garenak”, zehaztu du aholkulariak. Aurretik aipatu bezala, arazo handiena euskararen erabilera da, ez hainbeste ezagutza; euskara dakitenek euskara haien eguneroko bizitzan modu naturalean txertatuko balute, lan eremutik hasita, izugarrizko aurrerapausoa emango litzateke.

“Gure ustez, beti dago zerbait hobetzeko; izan ere, gure euskara planaren barruan garatu gabeko puntuak ditugu oraindik, pixkanaka-pixkanaka betetzen joango garenak”

Rubioren ustetan, enpresaren filosofiarekin bat egin beharko luke euskararen erabilerak, hizkuntzen kudeaketa kudeaketa-sistema orokorrean integratuz; hau da, zuzendaritzak eredu izan behar du, eta bai goitik-beherako nola behetik-gorako komunikazioa sustatu beharko litzateke. Hortaz, euskararen erabilera kudeatzen duen barne lan talde bat edukitzea aholkatzen du, koordinatzaile gisa arituko dena. Modu horretan, egituratuagoa izan daitezke  helburuak eta helburu horiek lortzeko egin beharreko atazak, beti ere xede horiek neurgarriak izanik. Behin enpresaren barnean euskararen erabilera handitzean, hirugarrenekin harremanetan ere bultza daiteke hizkuntza, edo, behintzat, euskaraz mintzatzeko aukera eman. Oreka ITren ikuspuntutik, hizkuntzen kudeaketa enpresa guztietan egin daiteke, onuragarriak izanik denontzat.