Oreka ITk 5,4 milioi euroko fakturazioa izan du 2023an, eta bulego berria irekiko du Katalunian

Inoizko fakturazio handiena eskuratu enpresa arabarrak, eta Kataluniako Intarex enpresa gehitu du bere egituran

Oreka ITren Gasteizko bulegoa | Argazkia: Oreka IT Oreka ITren Gasteizko bulegoa | Argazkia: Oreka IT

Inoizko fakturazio daturik onena eskuratu du Oreka IT aholkularitza enpresak. 2023an, 5,4 milioi eurora iritsi da, eta modu honetara, %18,25ean handitu du 2022ko emaitza. Taldeak argitu duenez, “dibertsifikazio teknologikoko estrategia baten emaitza” da erdietsitako fakturazioa, eta industria digitalizatzeko merkaturatu diren soluzio berriak eta Donostian egoitza berria ireki izana ere kontuan hartu beharra dago urteko emaitzan. Hala, EBITDA %11an handitu du.

Enpresa arabarrak lau bulego ditu egun Hego Euskal Herrian (Gasteizen, Mutiloan, Leioan eta Donostian), eta 2024rako Kataluniara ere hedatu da. Izan ere, Kataluniako Intarex enpresa Oreka ITren egiturara batu da. Honela, enpresa txiki eta ertainei bideratutako zerbitzua indartuko duela jakinarazi dute, Intarexek 30 urteko esperientzia baitu esparruan.

Akordioarekin, Oreka ITk 130 laguneko lantaldea izango du, eta aurten 8 milioi euro fakturatzea aurreikusten du. Era berean, lehen lantokia ere ireki du Katalunian, eta bertatik eskainiko ditu enpresen eraldaketa digitalerako bere zerbitzu guztiak.

Informazio gehiago
Oreka IT, enpresak euskaraz digitalizatzen dituen aholkularitza etxea
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK