Sare elektrikorako soluzio teknologikoak eskaintzen dituen Ormazabal konpainiak fabrika berri bat ireki asmo du Krefelden, Alemanian. Egoitza industrial berri hori irekitzeko lehen urratsa eman du gaur, azpiegitura eraikitzen hasi baitira, 10 milioi euroko inbertsioa egin ostean.
12.000 metro karratuko espazioa izango da eta 70 langile baino gehiagok egingo dute lan bertan. Automatizazioan nahiz digitalizazioan kalitate handiko gaitasunak izango ditu instalazioak, eta aurreikusten da 2027aren amaierarako prest egotea.
Bertan izan dira gaur Ormazabal konpainiako zenbait ordezkari, baita Alemaniako udalerriko zenbait arduradun publiko ere. Ormazabalek 20 urte baino gehiagoko presentzia du Alemanian, eta espazio berria Europa zentro eta ekialderako egoitza nagusi bilakatu nahi dute.
“Sare elektrikoen hedapena da trantsizio energetikoaren erronka nagusietako bat. Zentro berriarekin, baldintza are hobeak sortzen ditugu Alemaniako merkatuarentzako teknologiak eskaintzeko eta banakako eskakizunetara egokitzeko”, adierazi du Markus Kiefer Ormazabalen Alemaniako arduradunak.
Egoitza berri honi esker, Europako merkatuan haztea du helburu Ormazabalek, eta, era berean, bere ekoizpen gaitasunak modernizatzea.