Orona: euskararen igogailuan gora egiteko lanean

2002an hasi zen euskararen alde Oronak egin zuen bidea eta 2021etik da Indeuseko kide. Euskal Herrian, Oronako langileen %60k euskaraz mintzatzeko gaitasuna du, eta beste %16k ulertzen du

 Oronako egoitza, Galarretan (Hernani, Gipuzkoa) | Argazkia: utzitakoa
Oronako egoitza, Galarretan (Hernani, Gipuzkoa) | Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026eko martxoaren 12a - 05:30

Industria aurreratua, nazioarteko presentzia sendoa eta tokiko konpromiso sakona. Hiru ardatz horien bueltan uler daiteke Orona gaur egun. Europako bosgarren igogailu enpresa izanik ere, euskarari leku estrategikoa egiten dion kooperatiba industriala. Euskararen kudeaketa ez da Oronan bigarren mailako kontua, antolakuntzaren gobernantzan, barne harremanetan zein bezeroekiko zerbitzuan txertatutako elementua da.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Euskararen aldeko bideari 2002an ekin zion Oronak, Ainhitze Etxeberriak, formakuntza eta Euskara Planaren arduradunak azaldu duenez. “Helburua beti izan da euskararen erabilera eta presentzia handitzea, batez ere langileen artean”, azaldu du. Hasierako urteetan barne erabileran jarri zuten fokua, baina laster ohartu ziren kanpo harremanak ere funtsezkoak zirela, bereziki bezeroarentzako zerbitzuan.

Ainhitze Etxeberria: “Kooperatiba garenez, gure gobernantza ohituren parte da Euskara Batzordea”

Gaur egun, euskararen kudeaketa egituratua dute, Euskara Batzordearen bidez. Batzorde horrek lehendakaria eta zuzendaritzako, Kontseilu Errektoreko, Kontseilu Sozialeko eta eremu operatiboko ordezkariak biltzen ditu, besteak beste, eta urtero kudeaketa plan bat lantzen du. “Kooperatiba garenez, gure gobernantza ohituren parte da Euskara Batzordea”, azpimarratu du Etxeberriak.

 

Ekintzak barnera zein kanpora begira

Euskararen erabilera sustatzeko, Oronan askotariko ekimenak egiten dituzte. Barrura begira, sormen eta argazki lehiaketak, jokoak, Euskaraldia edo Korrikan parte hartzea dira ohiko jardunak. Kanpora begira, berriz, bezeroei euskarazko zerbitzua bermatzea da helburua. Horren adibide dira igogailuetan hilero jartzen dituzten euskarazko esaldidun pegatinak edo hizkuntza hautua adierazteko aukera.

Horrez gain, prestakuntza eskaintza gero eta zabalagoa da euskaraz, eta hizkuntza irizpideak berritu dituzte. “Ekintza horiek guztiak neurtzeko adierazleak definitzen ditugu, urtez urte bilakaera positiboa den ikusteko”, azaldu du Etxeberriak.

Oronak badu beste tresna giltzarri bat: sustatzaile sarea. Euskararekiko konpromiso berezia duten ehun bat langilek osatzen dute sarea, eta egunerokoan euskara erreferente izatea dute helburu

Egitura formalaz gain, Oronak badu beste tresna giltzarri bat: sustatzaile sarea. Euskararekiko konpromiso berezia duten ehun bat langilek osatzen dute sarea, eta egunerokoan euskara erreferente izatea dute helburu. “Lehen hitza beti euskaraz egitea, laneko gune guztiak euskaraz mintzatzeko baliatzea edo euskaldunekin beti euskaraz aritzea”, aipatu ditu Etxeberriak sustatzaile sarearen eguneroko funtzionamenduari buruz galdetzerakoan.

Batzordetik etengabeko lanketa egiten dute sare horrekin: erronkak, ekimen bereziak eta motibazio dinamikak. Helburua argia da: erabilera aktibatzea eta inertziak apurtzea.

Euskara estrategiaren bihotzean

Oronaren ikuspegi estrategikoa Saioa Cancio Komunikazio arduradun eta Euskara Batzordeko kideak kokatu du testuinguru zabalago batean. Europako hamalau herrialdetan presentzia zuzena eta ehun herrialdetik gorako esportazioa duen enpresarentzat, tokiko konpromisoa funtsezkoa da. “Gure arrakastaren giltzarrietako bat pertsonen arteko elkartasuna eta konpromisoa da, eta hor txertatzen da euskara”, azaldu du.

Saioa Cancio: “Gure arrakastaren giltzarrietako bat pertsonen arteko elkartasuna eta konpromisoa da, eta hor txertatzen da euskara”

Datuak ere adierazgarriak dira: Euskal Herrian, Oronako langileen %60k euskaraz mintzatzeko gaitasuna du, eta beste %16k ulertzen du. Bezeroei dagokienez, gertutasuna balio nagusietako bat da, eta horregatik eskaintzen diete hizkuntza hautua.

Etorkizunari begira, erronka nagusietako bat argi identifikatuta dute: ezagutza erabilera bihurtzea. “Paperean baditugu langile euskaldun asko, baina egunerokoan euskaraz hitz egiteko ohitura txikitzen ari dela ikusten dugu”, aitortu du Canciok. Horregatik, lehentasun gisa jarri dute hizkuntza irizpideen betetze maila neurtzea eta erabileraren jarraipen sistematikoa egitea. Bide horretan, tresna berriak ere aurreikusten dituzte, hizkuntza hautua eta ezagutza kontuan hartuko dituztenak.

Indeus: sarean ikasi eta indartu

Testuinguru horretan kokatzen da Indeus sarean Oronak duen parte-hartzea. 2021etik aurrera sareko kide izanik, Oronak bereziki baloratzen du euskararen kudeaketan ibilbide luzea egina duten enpresekin harreman zuzena izateko aukera. Etxeberriaren hitzetan, “Indeus aukera paregabea da, sareko beste enpresen esperientziak lehen eskutik ezagutzeko aukera ematen digulako”.

Izan ere, sareko kide diren enpresa askok euskararen normalizazioan urrats sendoak eginda dituzte jada, eta horrek balio handia du Oronarentzat. “Askotan konturatzen gara gure erronkak ez direla hain desberdinak: zailtasunak antzekoak dira, eta egiten dugun bidea ere bai”, azaldu du. Horregatik, beste batzuen esperientziak ezagutzea lagungarria da norabidea kontrastatzeko, ideiak jasotzeko eta lan-ildo berriak identifikatzeko.

Saioa Cancio: “Paperean baditugu langile euskaldun asko, baina egunerokoan euskaraz hitz egiteko ohitura txikitzen ari dela ikusten dugu”

Ikasketa horrez gain, Indeusek babes emozional eta estrategikoa ere eskaintzen duela azpimarratu du Etxeberriak. “Bide honetan bakarrik ez gaudela ikusten dugu, beste batzuk ere hor daudela, eta horrek indarra ematen digu”. Eguneroko erritmoan, sareak geldiune baliotsua eskaintzen du: hausnartzeko, norberaren praktika zalantzan jartzeko eta beste eredu batzuei entzuteko.

Euskara enpresa eremuan txertatzeko bidean, sareko lankidetzak aukera ematen dio Oronari bere estrategian sakontzen eta euskararen kudeaketan urrats sendoak ematen jarraitzeko, bakarka ez, elkarlanean baizik.