• ENPRESAK GAUR
  • Oronak ekoizpen planta berri bat eraikiko du, 60 milioi euroko inbertsioa eginda

Oronak ekoizpen planta berri bat eraikiko du, 60 milioi euroko inbertsioa eginda

Hernaniko egoitza nagusiaren ondoan eraikiko dute 60.000 metro karratuko espazio berria. Kooperatibak espero du 150 lanpostu berri sortzea. Gasteizko lantegia ere handituko dute

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko urriaren 9a - 15:55

Oronak 60.000 metro karratuko lursail zati bat erosi du Hernaniko (Gipuzkoa) Estubegi industria gunean, eta ekoizpen lantegi berri bat eraikiko du bertan. Lursail hori kooperatibaren egungo egoitza nagusiaren aldamenean egongo da, eta guztira 60 milioi euroko inbertsioa ekarriko du.

 

Kooperatibak aurreikusten du eragiketa horri esker 150 lanpostu berri sortzea. Gaur eman du horren berri Oier Lizarazu Oronako zuzendari nagusiak, eta aldamenean izan ditu Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburua.

Lizarazuk azaldu du Oronak aukera izan duela “estrategikoa” den lursail zati bat erosteko, etorkizuneko industria azpiegiturak egokitzeko aukera emango diena. Izan ere, eraikin berria orain arteko egoitzaren ondoan egoteak kooperatibaren ekoizpen ahalmena nabarmen areagotzea ekarriko du.

 

Orona UE2030 izena jarri diote eraikin berriaren bidez abiatuko den enpresa-proiektuari. "Oronako operazio hau Eusko Jaurlaritza gure Industria Planaren bidez garatzen ari garen politika industrialaren adibiderik onena da, gure industria indartzeko erabateko babesa, alegia", azaldu du Jauregik.

Kooperatibak aurreikusten du 1.500 milioi euroren salmentak izatea eta 8.000 langileko lantaldea izatea 2030erako. Mendozak proiektuaren “anbizioa” nabarmendu, eta “etorkizuneko industriaren oinarriak” eraikitzen ari direla gogoratu. "Gure industria defendatzeko eta etorkizunerako prestatzeko ausardia, aurrerapen eta lankidetza dosi asko eskatzen dizkigun testuinguru batean gaude. Oronaren ibilbidea berrikuntzaren, ondo egindako lanaren eta herrialdearekiko eta pertsonekiko konpromisoaren balioen emaitza da”.

Era berean, Oronak, Gasteizen, Jundizko industrialdean duen lantegian ere hamar milioi euroko inbertsioa egingo dutela iragarri du. Gaur egungo ekoizpen azpiegiturak handituko dituzte eta makineria "modernizatu".