Uztailean medikuek eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioak ez zituen aintzat hartu "euskal osasun-sistema publikoaren egiturazko erronkak" eta gainontzeko lan taldeen baldintzak, eta horrek hautsak harrotu zituen. Sindikatuek udazkenerako hainbat greba egunetara deitu zituzten Osakidetzako gainontzeko esparruetako langileak, lehena urriaren 30 izanik. Bitartean, baina, mobilizazioekin hasi dira gaur bertan, "profesional talde osoaren aldeko apustu gisa". Negoziazioa defendatu. Orain da garaia! Kalitatezko osasun publikorako baldintza duinak lelopean, abenduaren 9, 10, 11 eta 14an ere egingo dira lanuzteak.
"Negoziazio kolektiboko organo legitimoen" aldeko "errespetua" aitortu dute parteek, baina sindikatuak kexu dira SMEren eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioa "ohiko bideetatik kanpo" sustatu dela. Halaber, hobekuntzak "kategoria guztietarako" lortu behar direla mahai gaineratu dute. "Osakidetzaren etorkizuna ezin da erantzun partzialen bidez eraiki. Osasun-sistemaren edozein erreforma modu globalean egin behar da", nabarmendu dute.
Gainera, hainbat arlori edo "funtsezko gairi" ez zaie eutsi, profesional faltari, plazak betetzeko zailtasunei, asistentzia gainkargari edo lan baldintzen hobekuntzari kasu. "Lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dago", defendatu dute.
Mobilizazioen oinarrian hiru helburu nagusi izango dira, beraz: akordio arautzailea osorik eguneratzea; euskal osasun-sistema publikoa hobetzea; eta ordezkaritza eta negoziazio kolektiboa errespetatzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta