• ENPRESAK GAUR
  • Oscar Ugarte (Seed Capital Bizkaia): “Enpresek eskuragarri ez dituzten finantza tresnak ditugu"

Oscar Ugarte (Seed Capital Bizkaia): “Enpresek eskuragarri ez dituzten finantza tresnak ditugu"

Seed Capital Bizkaiako zuzendariak nabarmendu du kapital pribatuarekin harremanak sendotzen jarraitu nahi dutela. Bizkaiko merkatuak energia arloan hazteko aukerak ikusten ditu

Oscar Ugarte | Argazkia: Utzita
Oscar Ugarte | Argazkia: Utzita
2026eko urtarrilaren 26a - 05:30

Finantza administrazioa eta kudeaketa ditu Oscar Ugartek pasio eta ofizio. 2008tik da Seed Capital Bizkaiako zuzendaria. Berrikuntza, giza-inpaktua eta Bizkaiko enpresa-ehunaren sustapenaren alde dihardute lanean bertan. Balio katea indartu eta katebegi berriak sortu nahi dituzte finantza funts eta tresnen bitartez. Bizkaiko enpresen hauspo izaten jarraitzeko gogo biziz eta prest daude.

 

Zer da Seed Capital Bizkaia? 

Seed Capital Bizkaia foru-sozietate publiko bat da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailera atxikia; hainbat finantza-tresna administratzeko eta kudeatzeko eratua duela ia lau hamarkada, hain zuzen ere 1989. urtean. Garai hartan egitasmo oso berritzailea izan zen, entitate kudeatzaile bat eta funts bat abian ipintzea.

 

Zein helbururekin sortu zen? 

Proiektu berritzaileak dituzten enpresa txikiak laguntzeko helburuarekin jaio zen. Berrikuntzak dituen arriskuak minimizatuz, finantza aholkularitza eta bitartekarien bitartez, aurrera begirako urratsak emateko bideak start-up txikiei eskaintzea zuen xede. Horixe izan zen gure abiapuntua, baina pixkana-pixkana hasi gara bestelako proiektuak dituzten enpresak laguntzen eta espektroa zabaltzen: finkatutako enpresetara, kooperatibetara, gizartean eragina duten proiektuetara, etab.

Elkarren artean osagarriak diren zerbitzuak eskaintzen ditugu egun. Merkatuak dituen beharrak eta hutsuneak eraman gaituzte bide berriak zabaltzera. Bertako katebegiek adierazten digute behin eta berriz zein garrantzitsua den gu hor egotea beraien arriskuak gutxitzeko. Hastapenetako esentzia hori mantendu dugu. Etengabeko berrikuntzan ari den kudeatzaile publiko-pribatu erreferentea bilakatu nahi dugu gure lurraldean.

"Elkarren artean osagarriak diren zerbitzuak eskaintzen ditugu egun. Merkatuak dituen beharrak eta hutsuneak eraman gaituzte bide berriak zabaltzera"

Zein dira eskaintzen dituzuen zerbitzuak?

Finantzazio arloan soluzio aproposak eskaintzen dizkiegu enpresei, maileguak eta kapital-tresnak. Guk enpresek eskuragarri ez dituzten finantza tresnak ditugu, eta, ondorioz, neurrira egindako jantzia sortu diezaiekegu. Esaterako, Europako edo Ameriketako merkatuetara salto egitera doan enpresa finkatu batentzako finantzazioa dugu; start-up txikientzako mailegu oso erakargarriak ditugu; start-up handientzako zein kooperatibentzako irtenbideak eguneroko finantzaren arloan.

Azterketa lan sakona egiten dugu elkarren artean osagarri diren finantzazio publikoaren eta pribatuaren arteko fusioa duen aukera onena eskaintzeko. Funtsak ditugu eta funtsen barruan mailegu mota desberdinak. Horrez gain, kapitalean sartzen gara bazkide bezala. Enpresa askorentzat oso garrantzitsua da hori, izan ere, gu beste bazkide batzuekin batera kapitalean egoteak lasaitasun eta segurtasun itzela ematen die hiru-bost urteko prozesuan.

Gaur egun, zenbat enpresa eta proiekturekin ari zarete lanean? Zein ezaugarri bete behar dituzte enpresek zuen bidelaguntza jasotzeko?

Denetarik dago, baina gurekin lanean diharduten enpresa gehienak, %40 inguru, start-up motako enpresak dira. Finkatutako enpresak, kooperatibak eta gizartean eragina duten enpresak dira gainerakoak. Une honetan, orotara, 90 enpresa ingururekin ari gara lanean.

Seed Capital Bizkaian, proiektuen hautaketa prozesuan, gutxieneko irizpide orokor batzuk bete behar dituzte enpresek gure bidelaguntza jasotzeko, nahiz eta funts edo tresna bakoitzak bere baldintza gehigarri zehatzak dituen.

Bide horretan, gutxieneko betebeharrak dira: egoitza soziala edota lantegi/bulego bat Bizkaian izatea; talde sustatzailearen inplikazio ekonomikoa; Ogasunarekiko zein Gizarte Segurantzarekiko dituen ordainketa-betebeharrak egunean edukitzea; enpresa kontuak ikuskatuak egotea eta finantza-baltzu, higiezin-baltzu edota merkaturatze-baltzu sektorean ez jardutea enpresak.

"Urtez urte hazten ari gara. Pasa den urtean 4,5 milioi euroko inbertsioa egin genuen; 25 operazio. Asmoa da geroz eta gauza handiagoak egitea"

Zein mugarri lortu ditu Seed Capital Bizkaiak bere ibilbidean zehar? Eta, azken urtean?

Egun martxan ditugun funts kopurua (zazpi) mugarri oso garrantzitsua da guretzat. Horrez gain, duela hamar urte bide bat hasi genuen Europan zehar harreman batzuk sakontzeko eta akordioak lortu dira gure funtsek indar gehiago izateko. Lan handia egin genuen eta hortik inbertitzaile berriak erakarri dira.

Ez dago Seed Capital Bizkaia bezalako entitaterik Espainian eta, hori ere, harro egoteko modukoa da. Urtez urte hazten ari gara. Pasa den urtean 4,5 milioi euroko inbertsioa egin genuen; 25 operazio. Ez dira nolanahiko kopuruak. Asmoa da geroz eta gauza handiagoak egitea. Azpimarratzekoa ere bada, bi kontratu eraman direla aurrera Europako Inbertsio Funtsarekin, bi funtsekin hain zuzen ere. Seed Capital Bizkaiaren ezaugarriak dituen erakunde batentzat ez da oso erraza horrelako kontratuak egitea.

Zein dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Enpresa askorekin gabiltza lanean, 90 inguru, eta horren guztiaren kudeaketa erronka handia da; arduraz eta ilusioz hartzen duguna. Enpresekin nola konektatu ulertzea eta beren beharrak asetzen jarraitzea ere desafio handia da.

Gainera, kapital pribatuarekin harremanak sendotzen jarraitu nahi dugu, enpresei beren hutsuneak betetzeko aukerak eskainita. Aldi berean, funtsetan inbertsio gehiago egin nahi ditugu.  Eta, ahal den neurrian, produktu berriak atera. 2026rako badugu produktu berri bat landuta, zeina hurrengo hilabeteetan merkaturatuko dugun.

Zertan desberdintzen dira Seed Capital Bizkaiaren finantzaketa-eredua eta ohiko finantzaketa tradizionala?

Lan egiteko moduan eta baldintzetan daude desberdintasunik handienak. Alde batetik, ohiko finantzaketa tradizionalean ez dira kapitalean sartzen; gu, aldiz, bai. Gure maileguak desberdinak dira: guk mailegu parte-hartzaileak egiten ditugu. Halaber, ez dugu bermerik eskatzen, eta hori ez da ohikoa merkatuan.

Horrez gain, gu bidelagun bilakatzen gara, beraien ondoan jarraitzen dugu eta aurrera egin dezaten laguntzen diegu. Enpresa kontseiluetan parte hartzen dugu, entzun egiten diegu. Finean, parte-hartze aktiboa dugu hainbat alorretan Eragin sozialean ere arreta berezia jartzen dugu. Guretzat oso garrantzitsua da hori eta neurketan ere laguntzen diegu.

Bost-zazpi urte egoten gara beraiekin eta, gure proposamena da, egonkortzen direnean eta enpresak gora egiten duenean beraiei saltzea gure parte hartzea, beraien eskuetan gelditu dadin guztia.

"2026rako badugu produktu berri bat landuta, zeina hurrengo hilabeteetan merkaturatuko dugun"

Nola deskribatuko zenuke gaur egun Bizkaiko ekosistema ekintzaile eta berritzailea?

Industria arloan historia bat dugu Bizkaian eta, hor, ekosistema bat dago, sendoa; urte askotan eraiki eta berreraiki dena; zimendu indartsuak dituena. Nabari da sektore honetan prest eta ondo konektatuta gaudela. Bestalde, digitalizazioaren arloan ere nahiko indartsu gabiltza, baita nazioarteko merkatuetan ere, Europan zein beste kontinenteetan.

Hori kontuan izanik, industria arloa hazkuntzarako zutarri garrantzitsua izango dela uste dut. Energia arloa ere haziko da, Bizkaiko merkatuak aukerak dituelako; izan ere, ikusten da enpresa liderrak inbertitzen dabiltzala gure lurraldean. Zerbait indartsua mugitzen ari denaren seinale da hori. Osasun arloan ere, biozientzia eta bioteknologia alorretan mugimendu bereziak daude.

Nola irudikatzen du etorkizuna Seed Capital Bizkaiak? 

Hastapenetatik finantzazio arloko hutsuneak betetzea izan da gure rola, eta guk argi dugu horretan jarraitu nahi dugula. Inork bete nahi ez dituen hutsuneei erantzunak ematen jarraitu nahi dugu. Horixe da eskainiko dugun balio erantsia.

Bide horretan aurrera egiteko produktu berriak atera beharko ditugu eta, jada, horretarako lanean gabiltza. Kapital pribatuarekin proposamenak lantzen jarraitu behar dugu ideia berriak sortzeko. Europako funtsak gure lurraldera erakarri nahi ditugu.

Gustatuko litzaidake betiko ekonomia terminoetatik harago ikuspegi soziala lehen planora ekartzea, etekin ekonomikoaren pare. Orain arte egin bezala, konfort-eremutik kanpo jardungo dugu eta arriskuak hartuko ditugu gauza handiak egiteko.