La Panpinela, Lizarraldearen bihotzean

Jatetxea Mariela Goñik sortu zuen 2012an, Eraul herrian, lan eta familia bizitza uztartzeko asmoz

Argazkia: La Panpinela
Argazkia: La Panpinela
Imagen 122
Kazetaria
2026ko uztailaren 1a - 05:30

Mariela Goñi tafallarrak Gamesan egiten zuen lan, eta Deierriko (Lizarraldea) Eraul herrian etxea eraiki zuen, bere bi alabekin bertan finkatzeko asmoz; 2007-2008ko finantza-krisia zela eta, 2012an Unai Torregrosa bere senar ohiarekin batera La Panpinela pizzeria sortu zuen, Eraulen antzeko zerbitzurik ez zegoela ikusita. Izena Panpino (Torregrosaren ezizena) eta Marielaren arteko hitz jokotik zetorren. Hasieran, ideia zen proiektua “behin-behineko zerbait” izatea, “urte pare bat irautea neskak haurtzaindegian zeuden bitartean”. 

 

Hala ere, uste zutena baino “askoz hobe” funtzionatzen hasi zen. “Jendeak galdetzen dit ea nola bururatu zitzaidan ideia hau; ez zitzaidan bururatu, nik beti esaten dut La Panpinela bere bidea egin duen izaki biziduna dela, eta ahal dudan bezala kudeatzen dudala”, aitortu du Goñik.

Era horretan, La Panpinela familiaren “bizimodua bilakatu zen”. Izan ere, sortzailearen hitzetan, “errazagoa zen han, etxetik gertu, lan egitea, haurrak zaintzen bainituen aldi berean”. Hasieran gehien bat San Fausto eskalada eskolara zetozenei eskaintzen zieten zerbitzua, baina ahoz-ahokoaren bidez tokiaren ezagunagoa egiten hasi zen.

 

Ustekabeko hasierara egokitzeko beharra

Sortzailearen hitzetan, “aldaketak ez dira gertatu hainbeste lan egiteko eran (ordutegiak, eskaintza, etab.), baizik eta batez ere bisitarien kopuruan eta lokalaren tamainan, pixkanaka bezeroen hazkundera egokituz”. Egun hamalau langile daude lantaldean.

Proiektua hasi zenean, etxearen beheko zatia soilik erabiltzen zuten, eta ez zuten ezer eraiki behar izan; handik gutxira, ordea, labea eta sukalde txiki geratu ziren, eta azpiegitura handitu behar izan zuten, kanpoko terraza gehituta.

0 kilometroaren aldeko apustua

La Panpinela “0 kilometroa eta gertuko produktua” bermatzen saiatzen da. Horrek murrizketak dakartza: “Nekazaritzak ekoizten du ekoizten duenean; tokiko tomaterik, adibidez, ez dugu abuztura arte, eta barazkiak kasu horietan Erriberatik ekar daitezke”.

Ardoa “ibarrean bertan dauden bi upeltegi ekologikoetatik” lortzen dute. Gauza bera gazta eta gaztanberarekin, salbuespenak salbuespen. Mozzarella, hala nola, “Alemaniatik dator, hemen ez da ekoizten eta”, eta haragia Lizarran erosten dute.

Terraza gauean | Argazkia: La Panpinela
La Panpinelaren terraza gauez | Argazkia: La Panpinela

Asteburuetan, Aste Santutik Santu Guztien Egunera irekitzen dute. Egun horietan hamabi ordu jarraian egiten dute lan, “oso lan handia eta zorrotza” izanik. Udaberri eta udazkenean “asko” egiten dute lan “menditik datozenekin”. Udan “mugimendu handia dago Lizarrerian: kanpinak lehertzear daude, eta gipuzkoar eta arabar asko hurbiltzen dira”. Neguan, berriz, itxi egiten dute, eta horrek erraztu egiten du “lan eta familia-bizitza uztartzea”.

Aukera berriei bide emanez

COVID-19aren garaian gertaturikoak euren negozio eredua zabaltzera eraman zituen. Izan ere, goi denboraldia hasteko astebete besterik falta ez zenean iritsi zen itxialdia. Presentzialki lan egiteko ezgaitasunaren aurrean, etxez etxeko eskaerak abiarazi zituzten. “Bezeroak gurekin jartzen ziren kontaktuan eta eskaerak multzokatzen genituen. Oso ongi atera zen”, aitortu du kudeatzaileak, "Nafarroako herri guztietara" iritsi ziren eta. Horrek gainera are gehiago ezagutarazi zuen jatetxea: “inflexio-puntu handia izan zen”.

Mariela Goñi: "Udan mugimendu handia dago Lizarrerian: kanpinak lehertzear daude, eta gipuzkoar eta arabar asko hurbiltzen dira”

Pandemiaren ostean, berriz ireki ahal izan zuten jatetxea: “Herrietakoek aski zortea eduki genuen; araudia zela eta soilik kanpoan egin ahal zen lan, eta La Panpinelan espazio partikularra geneukan”. Baratzearen gune bat kendu eta han eraiki zuten bigarren terraza bat, Afrika deiturikoa; bertara barruko jantokia atera ahal izan zuten, eta era horretan normaltasunez lan egiteko gai izan ziren. Hirietan zeuden murrizketen aurrean eginiko apustuek La Panpinelaren ospea handitu zuen. Gainera, San Fausto Iberiar Penintsulako eskalada-eskola hoberena izendatu zuten, eta La Panpinela are erakargarriago bilakatu.

La Panpinelako pizzak | Argazkia: La Panpinela
La Panpinelako pizzak | Argazkia: La Panpinela

Goñiren ustez, La Panpinela bere “produkzioaren mugan” dago: “Oso ongi egiten dugu lan, lokala beti beteta dago eta bezeroen harrera ona daukagu”.

Online denda, etorkizun handiko negozio-lerroa

Jatetxearen erronka azpimarragarria “urtarokotasunak langileengan eragiten duen iragankortasuna” da. Horregatik online denda abiatu dute, “bai partikularrentzat, bai hainbat saltokirentzat”: pizzak hutsean ontziratu eta saltzen dituzte, bezeroek etxean kozinatzen amaitzeko.

Horren helburua "lanpostuak egonkortzea da, hala nola, arduradunena, labeko langileena..." Zerbitzarien artean, "badira ordutegi horretara ondo egokitzen diren ikasleak; izan ere, La Panpinela Aste Santuan irekitzen denean, ikasturtea amaitzear dago, eta, beraz, langileen zati hori oso txandakakoa da". Aldiz, "badaude beste lau lanpostu egonkorragoak izan behar direnak", bukatu du Goñik.