Papresako langileek eta hura erosi duen CL Grupo Industrial enpresak akordioa izenpetu dute atzo, falta ziren azken detaileak negoziatu ostean. Gauzak hala, 167 lan kontratu mantenduko dira, orain arteko kontratuen %80 alegia, hasierako proposamenean jasotakoak baino 19 gehiago. Langileen iritziz, ezinbesteko postuak dira, teknikoak eta operatiboak den-denak, bost txandak eta bi ekoizpen lerroak mantenduko badira. Horrek esan nahi du, beraz, kaleratze gehienak bulegoetan gertatuko direla.
Kontrara, epe ertainera enpresaren errentagarritasuna bermatu eta kostu operatiboak egokitzeko, bi urtez soldatak izoztuta izango dituzte langileek, eta epe horretan bertan asteko lan-jarduna 35 ordukoa izatetik 37,5 ordukoa izatera igaroko da. Bestela esanda, 82 ordu gehiago izango dira urtean, orain arte baino %5 gehiago.
Hitzarmenarekin aurrera edo atzera egin, baina, enpresaren konkurtso-prozeduraz arduratzen den epailearen esku izango da, hark hartu behar baitu erabakia. Aurrera egingo balu, papergintza sektoreko enpresa historikoak Errenterian (Gipuzkoan) mantenduko luke egoitza.
Papresa apirilean sartu zen hartzekodunen konkurtsoan, 70 milioi euroko zorrari aurre egiteko ezintasuna tarteko. CL Groupek eginiko eskaintza 40 milioi euro inguruan kokatzen da.