Pello Guibelalde zendu da, Adegiko presidente ohia

Larunbatean hil den Fernando Vidarte, urte luzez Asperen buru izandakoa

Pello Guibelalde | Argazkia: Adegi
Pello Guibelalde | Argazkia: Adegi
2026ko irailaren 28a - 12:55
Eg. 2026ko irailaren 28a - 13:02

Adegiko presidente ohi Pello Guibelalde zendu zen atzo, 81 urte zituela. 2012an hartu zion lekukoa Eduardo Zubiaurreri Gipuzkoako enpresari elkarteko buru gisa, eta 2018. urtera bitartean izan zen patronalaren buru. 

 

Enpresen mundua bertatik bertara ezagutzen zuen Guibelaldek, Adegiko presidente izateaz gain 1974an Hine konpainia sortu zuelako. Gaur egun 700 langile baino gehiago ditu haren konpainiak, zeina hidraulikan, pneumatikan eta elektronikan espezializatzen den. Futbolarekin ere lotura estua izan du legazpiarrak: hamalau urtez izan zen Beasaingo futbol klubaren presidente, eta 2001ean hautagai izan zen Errealeko presidente bilakatzeko; bozken %30 baino gehiago lortu zituen arren, Jose Luis Astiazarenek lortu zuen postua. 

"Erreferente batek utzi gaitu, Gipuzkoaren aurrerapenean eskuzabaltasunez eta dedikazioz aritu dena. Eskerrik asko Pello, zure hurbiltasunagatik, energiagatik eta ausardiagatik", nabarmendu du Adegik.

 

Fernando Vidarteren heriotza

Fernando Vidarte larunbatean zendu zen, 73 urte zituela, gaixotasun luze baten ostean. Vidarte Aspe pilota enpresako buru izan zen urte luzez, 1998. urtetik 2025. urtera arte, hain zuzen; 1999 urtetik, Aspeko administratzaile bakarra izan da. Urrian, ordea, Aspeko akzio guztiak (bakar batzuk izan ezik) saldu zizkion Bainet enpresari, gaixotasuna zela-medio. "Urte hauetan guztietan, lana, garaipenak eta une zailak partekatu ahal izan ditugu berarekin, baina batez ere, gutako bakoitzarengan jartzen zuen konfiantza eta egunerokotasunean erakusten zuen maitasuna eta horizontaltasuna sentitu ditugu", azpimarratu dute Aspekoek.

Fernando Vidarte | Argazkia: Aspe
Fernando Vidarte | Argazkia: Aspe

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain