
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen %84 familia enpresak dira, eta enpleguaren % 55,45 suposatzen dute. Bestela esanda, ehun industrialean "egiturazko papera" dute. Horixe nabarmendu du José Miguel Lanzagorta AEFAME Euskadiko familia enpresen elkarteko presidenteak Espainiako Familia Enpresen Kongresuko aurkezpenan. Izan ere, XXVI. edizioa Bilbok hartuko du urriaren 22tik 24ra bitartean, IEF enpresa familiarraren institutuak AEFAMErekin batera antolatuta.
Aurtengo leloa Pertsonen indarra izango da, José Luis Blanco IEFeko presidentearen hitzetan pertsonak baitira familia enpresen "aktibo nagusia", haien "lanarekin, talentuarekin eta ilusioarekin". Kongresuak 500 enpresari biltzea espero dute antolatzaileek.
Programari dagokionez, 22an harrera egin ostean, irekiera ofiziala 23an egingo dute. Hain zuzen egun horretan hasiko dira askotariko mahai-inguru eta ponentziak. Talentuak enpresa familiarrei sortzen dizkien aukerak eta erronkak aztertuko dituzte, baita horri loturik garatu beharreko estrategiak ere. Horrekin batera, enpresa perspetibari buruzko hausnarketak ere plazaratuko dira, eta kontziliazioak enpresa familiarraren baitan dituen erronkak ere izango dituzte hizpide
Prentsaurrekoan, Lanzagortak ohartarazi du beharrezkoa dela "ekosistema lehiakorra sortzea, familia enpresa horien egonkortasuna eta hazkunde potentziala ahalbidetuko duena". Haren ustean, hori da bidea erakargarria izateko, eta EAE enpresa familiarrak errotu eta mantendu daitezen.